Jose C. Paz, Argentina. Argentinako Jose C. Paz hirian sortua, euskal izena duen ‘Ekitatea’ Elkarteak “Emakumeen eskubideen gauzapen osoa eta genero parekotasuna bultzatzea” dauka helburu nagusia. Asmo horren alde lan egiten jarraitzeko eta itxialdian aukera gehiago eskaintzeko xedearekin, ‘Emakumeen eta identitate anitzen kontrako indarkeria. Berau identifikatu eta tratatzeko lanabesak” izenburuko ikastaro birtuala hasiko du maiatzaren 18an.
Elkartetik azaldu dute proposamen pedagogikoa “‘Campus Feminista’ plataforma medio egingo dutela, urrutitik trebatzeko oso euskarri egokia”. “Kurtsoa publiko orokorrari dago zuzenduta; pertsonek zein erakundeek har dezakete parte eta parte hartzaile bakoitzak erabaki ahal izango du ikas-prozesuan eraman ahal izango duen abiadura”, adierazi dute ‘Ekitatea’tik.
Maiatzaren 18an hasita, kurtsoa zortzi astez luzatuko da eta bi hilabete horietan lau unitate landuko dira. Izena emateko ez da beharrezkoa aldez aurreko ezagutzarik eta agiriak jasotzeko derrigorrezkoa izango da egindako aktibitateen %80a gainditzea.
Irakasleak Cristina Oroño psikologo feminista eta ‘Ekitatea’ Elkarteko arduraduna den Paula Basaldua soziologoa izango dira. Gogora dezagun Paula Basaldua Jose C. Pazeko Toki Eder Euskal Etxeak antolatzen dituen genero ikuspegiaren inguruko ekintzen bultzatzaile dela.
Lekuak mugatuak dira eta parte hartzeko 3.500 peso argentinar (50 euro eskas) ordaindu beharko dira. Bi kuotatan ordain daiteke eta beka-erdiak eta taldeentzako beherapenak ere badaude. Ikastaroari buruzko informazio gehiago, hemen.