euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Ekitaldiz betetako ostiral batek eman dio hasiera asteburuan zehar garatuko den Argentinako Euskal Asteari

2008/11/01

Adolfo Perez Esquivel eta Ibarretxe lehendakaria Buenos Aires Probintziako Diputatuen Ganberak eginiko Elkarrizketa Politikorako Mahaian, mahaiburuan (argazkia Jon Bernardez)
Adolfo Perez Esquivel eta Ibarretxe lehendakaria Buenos Aires Probintziako Diputatuen Ganberak eginiko Elkarrizketa Politikorako Mahaian, mahaiburuan (argazkia Jon Bernardez)

PUBLIZITATEA

Aurreko egunetan berotze ariketak egin ostean, ekitaldiz betetako ostiralak eman dio hasiera bere gailurrean asteburuan zehar garatuko den Argentinako Euskal Asteari. Buenos Aires probintziako Diputatuen Ganberako egoitzak bildu du gaur goizean La Platan 'Elkarrizketa Politikorako Mahaia', Adolfo Perez Esquivel moderatzaile. Ibarretxe lehendakariaren hitzek amaiera ipini diote hitzordu horri, ondoren La Platan zein aldameneko Ensenada hirian kultur eta dantza ekitaldiak garatu direlarik. Arratsalderako beste zenbait ekitaldi daude aurreikusita, tartean euskara diplomen emanaldia eta Ibarretxeren hitzaldia euskal komunitateari Club Atenean, eguna Oskorriren kontzertu batekin eta afari & dantzaldi batekin amaitzeko. Bihar izango da egunik beteena, igandean dantzarien kale emanaldi erraldoi batek eta klausura bazkariak aurtengo ospakizunen amaiera markatuko dutela.

La Plata, Argentina. Ostiraleko ekitaldiak hitzordu politiko batekin hasi dira, izan ere Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza daukaten alderdiei gonbidapena bidali baitzien La Platako Euzko Etxeak hirian bertan egoitza duen Buenos Aires probintziako Diputatu Ganberaren jauregian bildu eta 'Elkarrizketa Politikorako Mahaia' egin zezaten. Bertan parte hartu dute Joseba Egibarrek, EAJ-PNVren izenean, Iñaki Galdosek, EA ordezkatuz, Kontxi Bilbaok, Ezker Batuaren izenean, eta Katalina de Madariagak, Ezker Abertzalea ordezkatuz. Eusko Legebiltzarrean presentzia dutenez gero gonbidatuta zeuden PSOE, PP eta Aralarrek ez dute parte hartu. Saioak Adolfo Perez Esquivel Bakearen Nobel sarduna izan du moderatzaile eta ekitaldia Ibarretxe lehendakarien klausura hitzek itxi dute.

Anfitrioi moduan Buenos Aireseko Diputatu Ganberako presidenteak ere ongi etorri adierazpenak egin ditu, esanez "gure Legegile gunea ideiak eratzeko lekua da, ez soilik geure probintzia maite honi dagokionez, Buenos Airesen bizi diren komunitate guztiei ere dagokienez baizik, hau eztabaidatzeko leku naturalki aproposa baita", esan du Horacio Gonzalezek. Ibarretxek, bere aldetik, esan du euskal gizarteak badakiela saritzen "ekimenak aurkezten duena, tronpatzen bada ere". Bere esanetan, gizartea nekatuta dago politikariekin, "irtenbideak topatzeko gauza ez garelako". Espainiako gobernuaren "harrokeria mugagabea" salatu zuen Ibarretxek, "kontsulta ukatzen baitu eta ez baitu interesik euskal gizartearen iritzia jakiteko".

Euskara diplomen emate ekitaldia eta Oskorri

Ekitaldi politiko honen ondotik Euskal Aste Nazionalaren egitarauak dantza erakustaldi bat baitaratzen zuen La Plata ondoko Ensenada hiriko Kultura Etxean, laurak arte.  Lauetan ere, baina La Platako Euzko Etxean, Euskararen stand-aren irekiera markatzen zuen, eta bostetan, 'Euskalduna' irakurle klub sortu berriaren eskutik, Asel Luzarraga idazlearen hitzaldia, euskal literatura eta musikaz. Bost t'erdietan, berriz, baina Udaletxeko Urrezko Aretoan, Euskal Etxeetako Abesbatzen bilkura.

Zazpi t'erdietan, eta Ibarretxe lehendakaria buru, euskara maila nahikoa adierazi eta aurten II, III eta EGA lortu dutenei diplomak emateko ekitaldia gauzatuko da Club Atenasen, Patxi Baztarrika Kultura sailburua ere bertan dela. Bertaratutako Euskal Gizataldeari zuzenduko zaio hor Ibarretxe. Zortzietan, berriz, Oskorriren kontzertua, lehenago eta giroa berotzeko La Platako Euzko Etxeko Gazteen Musika Taldea arituko dela, leku berean. Azkenik, ostiraleko ekitaldiak bukatzeko, afaria Euzko Etxean, eta erromeria, Aretxabaletako Akordeoi Orkestra ere jole.

LARUNBATEKO EGITARAUA

-9etatik 12etara, FEVAren bilkura, Pasaje Dardo Rochan, Presidenteordetza Aretoan (calle 50 e/ 6 y 7)

-9etatik 13etara, Euskal Etxeetako Liburutegien Bilkura Nazionala, Euzko Etxeko Liburutegian

-10etan, Rodolfo Rebolledo arkitektuaren hitzaldia, Juan Jose Umaran lankide, gaitzat "Frontoi eta trinketeen egokitzea pilota gogorra erabiltzeko". Tokia, Frantses Etxea (Centro Francés, 14 e/ 57 y 58, Euzko Etxe aurrean

-11etatik arratsaldeko lauak arte, Euskararen Stand-a Euzko Etxean

-14:30etatik 16ak arte, haurrentzako denborapasak, Euzko Etxeko liburutegian

-16:00etan, Kalejira Euzko Etxetik Club Atenasera

-17:00etan, Musika eta dantza jaialdia, euskal etxeetako taldeak partaide. Club Atenasen

-22:30etan, Afaria eta erromeriak eta Anne Etchegoyenen emanaldia, Euzko Etxean

IGANDEKO EGITARAUA

-10etan, meza nagusia, La Platako katedralean, La Platako artzapezpiku Hector Aguer-ek emana, Aretxabaletako Akordeoi Orkestra partaide

-11:30etan, Omenaldia tixtulariri. Dantza tale guztien kabalkada eta kale emanaldia. Lekua, Moreno Plaza

-13:30etan, Itxiera bazkaria UPCNn. Lehiaketetako garaileei sariak ematea. Helbidea: Calle 143 y 89

Lotura interesgarriak

La Platako Euzko Etxearen webgunea
www.centrovasco.com



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia