Donostia-San Sebastian. Kanpoan diren Euskal Gizataldeen VII. Mundu-Batzarreko saioak datorren astean abiatzear, Donostiako Heredad de Unanue Hotelak --Diasporaren Hotelak-- ekitaldi bat antolatu du datorren ostiral honetan, irailaren 27an bere egoitzan, solasaldi-elkarrizketa formatuan Kate Caminoren lekukotasuna eskuratu eta AEBetako Diasporaren errealitatea gertuagotik eta zuzenean protagonistetako baten ahotik entzun eta ezagutu ahal izateko.
Wyoming-eko Buffalo herriko euskal familia baten jaioa, Kate Caminok ingelesa, euskara, gaztelania eta frantsesa mintzo ditu eta bere bizitzan zehar, gaur egun NABOko idazkari eta Nevada-Renoko Unibertsitateko Euskal Ikasketa Zentroko idazkari denak zernahi egin du Estatu Batuetako euskal komunitatearen barnean. Dantzari izatetik dantza taldeetako zuzendari izatera, tartean laguntzaile mila ekitalditan, Buffaloko (Wyoming) eta Renoko (Nevada) euskal etxeetako lehendakari, NABOko gazteentzako Udakuko antolatzaile zenbait ediziotan, euskara-ingelesa itzultzaile Epaitegietan, eta oro har bere beharra izan duten hamaika ekitaldi, ekintza eta ekimeneko sustatzaile, eratzaile eta bultzatzaile, beti ere gurasoek etxean pasa zioten euskalduntasunaren mesedetan bolondres eta ekile.
Jatorri arnegitarreko Kate Camino ostiral honetan bertaratuko da Donostiako Heredad de Unanue hotelera, 19:30etatik aurrera, ordubetez Joseba Etxarrirekin solasteko eta bere eta publikoaren artean itaundu nahi dutenen galderei erantzuteko. Sarrera libre eta kitorik.
-Hoteleko webgunea: https://hotelunanue.com
-Facebook: https://www.facebook.com/hotelUnanue
-Instagram: https://www.instagram.com/hotelunanue