euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Ekitaldia gaur Coloradon bertako kantxa monumentutzat aitortuz, eta irailean Euskal Besta handi batera deituz

2024/05/18

PUBLIZITATEA

Grand Junction, Colorado, AEB. Gaur larunbata, maiatzaren 18a, egun markatua da Grand Junction herriarentzat eta Coloradoko euskal komunitatearentzat, zeremonia egingo baitute estatuko euskal pilota kantxa bakarra "Coloradoko Estatu Monumentu" aitortzeko. Jean Urruty (Donazaharre, 1903 - Grand Junction, 1983) baxenafartarrak eraiki zuen kantxa, eta urrats honekin nabarmendu eta omenaldia egiten zaie halaber bertako euskaldunei eta azkeneko mende bat pasatuan euskal emigranteek eta euren ondokoek oro har egindako ekarpenari. Ekitaldia egun osoko kultura eta aisialdi programa bateko parte izango da, eta partaide izango ditu Grand Junctioneko alkatea eta bertako instituzioak, NABO eta euskal komunitateko ordezkariekin batera.

Colorado Euskal Etxetik aitortza honen balioa azpimarratu dute, bertako euskal ondareari eta euskaldunen Colorado eta AEBrenganako partaidetzari egindako aitortza legez

Egitaraua 11:00etatik 17:00etara garatuko dute, kantxan bertan, Grand Junctioneko Canyon View Park parkean. 13:00etan, zeremonia ofiziala. Mintzatuko dira Grand Junction-eko alkate Abraham Herman; proiektuko bultzatzaile handia den Mona Dyer; Colorado Euskal Etxeko lehendakari eta NABOko diruzain den Mayi Petracek, eta Tony Huarte, NABOko pilota arduraduna. Erakustaldi bat eskainiko dute Kaliforniatik heldutako Lau pilotarik: Tony Huarte bera, Marco Medina eta Jesse Kvarna, hirurak San Frantziskotik etorriak, eta Michael Pereira, Chinokoa. Izan ere Pereiraren aitatxi, Xavier Aphessetche irisartarra, 2019an zendua, gaztetan, frontoia bere gailur-garaian zegoela, pilotan ibilitakoa zen bertan (gogoratu berak eraiki zuela egun segitzen duen Chinoko Aphessetche trinketea).

Hitzorduko parte, Udalak plaka bar desestaliko du gaur frontoian eta Coloradoko Euskal Etxeak beste bat emango dio Jean Urrutyren familiari, bere emaztearen iloba bati hain zuzen (Urrutytarrek ez zuten seme-alabarik izan). Mayi (Berterretche) Petracek lehendakariak bere bozkarioa adierazi dio EuskalKultura.eus-i "ekitaldiarengatik, eta euskaldunek Coloradori eta nazio osoari egindako ekarpena azalarazten duelako". Petracek-ek esker biziak ematen dizkio Grand Junction-i eta lankide izan diren erakundeei, eta pertsonen artean, bereziki Mona Dyer eta Kirsten Ashbeck-i, eta Eric Newcombe historialariari, Nazio eta Estatuko Erregistro Historikoan. "Harro gaude gure historiaz eta aitortza honetaz, eta honela ospatu ahal izanaz", gehitu du.

'Euskaldun Besta' irailaren 21ean

Gaurko ospakizunak komunitate eta familia izaera ere badu, eta janari eta merchandising salmenta postuak ezarriko dira, eta baita puzgarriak ere, txikienentzat, Udalaren kontu. Baina ez dezagun ahaztu Colorado Euskal Etxea bigarren zati bat ere ari dela prestatzen aspaldidanik, izan ere irailaren 21ean gauzatzeko, kantxan bertan. Euskaldun Besta honetako egitarauko parte izango dira NABOren Udazkeneko bilkura Grand Junctionen, Euskal Etxearen urteroko piknik besta, kantxaren bedeinkatzea, pilota partidak frontoian, musika, dantza erakustaldiak, BBQ afaria eta dantzaldia euskalamerikar erritmoekin.

Zorionak, Grand Junction!



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia