euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Ekitaldi instituzionala Donibane Garazin izango da, baina... nola behar duzue ospatu Diasporaren Eguna zeure EEan?

2022/08/04

Urkullu lehendakaria Euskal Diasporaren Eguneko aurreko ekitaldi batean
Urkullu lehendakaria Euskal Diasporaren Eguneko aurreko ekitaldi batean

PUBLIZITATEA

Donostia-San Sebastian. Hilabete eta egun batzuk falta dira 2022ko Euskal Diasporaren Egunerako —irailaren 8a da, aurten osteguna— eta munduan zehar pixkanaka gehituz doaz modu batera edo bestera euskal diasporaren aldarrikapen eta ospakizun honekin bat eginez ekitaldiak antolatzen ari diren euskal etxe eta komunitateak. Bostgarren edizio du —pandemiako bi urteetan ere egin zen, onlinetasuna lagun— eta esan daiteke edizioz edizio gogotsu handitzen joan dela euskal etxe eta elkarte partaideen atxikimendua. Izan ere, gakoa bat egitea da, euskal diaspora aldarrikatzea, kultur ekitaldien bidez, bazkari edo afari baten inguruan ospatuz, artikuluak argitaratuz hedabide eta sare sozialetan, tokiko euskaldunak omenduz... modu guztiek balio dute, axola duena guztien artean argazki handi bat osatzea baita, euskal diasporaren aldarri eta lekukotzarena, 'Hemen gaude, Diaspora gara eta partaide izan nahi dugu' mezuarekin, puzle handi bat bailitzen.

Ez da izango, beraz, ekitaldi edo bat-egite txikiegi edo axola ez duenik, guztiek osatuko dute argazki handia. Zure euskal etxean oraindik pentsatu edo antolatu ez baduzue, garaiz zaude(te) oraindik. Aurreko urteetan bezala, mundu osoan antolatuko diren saio eta ekitaldi guztien xehetasunekin mundu-programa bat osatuko da eta zabalkundea emango zaio. Bidali mesedez zure euskal etxe edo komunitateko hitzorduaren berri euskaletxeak@euskadi.eus helbidera, nazioartean barrena egingo diren gainerako ekitaldiekin batera sartzeko. 

Ekitaldi instituzionala, lehenengoz Iparraldean

Euskal Herrian ere antolatuko dira ekitaldiak, eta hitzordua ezarri zenetik urtero bezala, aurten ere ekitaldi instituzional bat egingo da, lehenengoz Iparraldean, Donibane Garazin, irailaren 8an, arratsaldeko seietan Merkatu estalian, Harresien Plazan. Azken xehetasunak oraindik zehazteke, Euskal Herri osoko agintariak bertaratuko direla pentsa dezakegu, tartean anfitrioi bezala Donibane Garaziko alkate Laurant Inchauspé, Euskal Hirigune Elkargoko lehendakari eta Baionako alkate Jean-René Etchegaray, agian Nafarroako Gobernuko ordezkariak eta, Eusko Jaurlaritzaren aldetik Urkullu lehendakaria eta bere gobernuko kide batzuk, baita Marian Elorza eta Gorka Alvarez Aranburu ere, Diasporako ordezkariekin batera.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia