Azul, Argentina. Ez dira gutxi Azulgo Gure Txokoa Euskal Etxeak herriko gainerako erakundeekin lankide egiten dituen ekimenak. Horietako bat da datorren larunbatean, abenduaren 11n, egingo duena, bere egoitzako ateak herriko hamabi ekintzaileri zabalduko baitizkie Ekintzaileen Azoka antolaturik, 18etatik 22etaraino ordutegian. Tarte horretan EEak taberna zerbitzua eskainiko die bisitariei, pintxoak eta tortilla bezalako mokaduekin, eta edariekin, tartean euskara ikasleek urtero prestatzen duten etxeko patxaranaren 2021eko uzta berria.
Euskal Etxearen komunitatearekiko harremana urteetan joan da sendotzen eta aurten aspaldiko proiektu bat burutu ahal izan dute: herriko Irrati Publikoan bi astean behin ‘La voz de los vascos’ irratsaioa egitea. Azaroaren 28an, bestalde, Azulgo Kolektibitateen XXVI. Jaialdian hartu zuen parte Gure Txokoak, eguraldiagatik San Martin Kultur Gunean, hamabi gizatalde partaide, tartean espainiarrak, kubatarrak, arabiarrak, alemaniarrak, errusiar eta ukraniarrak, txiletarrak, paraguaitarrak, frantsesak, bearnesak, galegoak eta euskaldunak.
Aipatu kolektibitateek euren kultura tradizionaletako lagin adierazgarri batzuk erakutsi zizkieten aretora bildutakoei, dantzak eta sukaldaritza gehienbat. Euskal dantzariei dagokienez, Ana Guazzone Elortegik zuzentzen duen ‘Arima Gazte’ taldeak Zazpi Jauzi, Txulalai, Arin Arin eta kalejira taularatu zituen. Sukaldaritza standean, berriz, tortilla eta odolki pintxoak prestatu eta saldu zituzten arrakastaz Euskal Etxeko sukaldari bolondresek, baita piperrada ere.
-Azulgo Euskal Etxea Facebooken: https://www.facebook.com/centrobaskoazuleno.guretxokoa