euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Ekintza ugari Uruguain Euskararen Eguna ospatzeko, tartean Ameriketako euskal argitaldarien bilera

2015/12/16

2015eko Euskaren Eguna Montevideoko Euskal Erria-n
2015eko Euskaren Eguna Montevideoko Euskal Erria-n

PUBLIZITATEA

Programa oparoa garatu da aurten Uruguaiko hiriburuan Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko. Deialdi nagusia Euskal Erria Euskal Etxeak luzatu zuen eta Ameriketako zein Euskal Herriko hainbat lagun batu zituen. Haize Hegoa Euskal Etxean ere bildu ziren euskara ikasleak, tartean Montevideokoak eta baita San Josekoak ere. Azkenik, Salto herriko Euskararen Eguneko jaia abenduaren datorren asteburuan izango da. Beste artikulu batean ekarriko dugu Aldaxkakoen  berri.

Montevideo, Uruguai. "Euskara Eguna 2015-Euskal Liburua Ameriketan" izeneko jardunaldiak egin ziren Montevideon, abenduaren 3, 4 eta 5ean, Euskal Erria Euskal Etxea antolatzaile eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrika eta Nafarroako Gobernuaren ordezkari Mikel Irujo lagun.

Jardunaldien programa barruan, mota askotako ekintzak burutu ziren; abenduaren 3an bertan, eta Eusko Ikaskuntzak bultzatutako ‘Euskaldunberri’ kanpainarekin bat eginik, ‘Euskaldunberri’ izena jarri zioten Euskal Etxeko arduradunek egoitzako areto bati. Euskara klase ireki bat ere egin zen eta euskaraz jolastu eta abestu zuten bildutakoek.

Argitaldarien bileran Sophia Etxeberriaren Sophia’s Poems (Euskal Erria Argitaletxea); Arantzazu Ametzagaren Contraviaje (Ekin Argitaletxea); Leyre Arrietaren Historia de Euskadi Irratia (Ekin Argitaletxea) eta Joseba Zulaikaren That old Bilbao moon (CBS Press Argitaletxea) liburuak aurkeztu ziren. Argentinan sortu berria den Lauburu Argitaletxea ere aurkeztu zuen bere bultzatzaile nagusietako bat den Cesar Arrondok. Programaren lehenengo eguna amaitzeko, ‘Zuretzako’, "euskal diasporan egindako lehenengo filma" proiektatu zen.

Bigarren egunean, argitaletxeen aurkezpenek eta hitzaldiek jarraitu zuten: Xabier Irujok Euskal Erria Argitaletxea aurkeztu zuen; horren ostean Irujok berak eta Alberto Irigoyenek ‘Euskara Euskal Errian’ izenburuko hitzaldia eskaini zuten eta aktibitateekin bukatzeko, Maria Elena Etcheverryk Ekin Argitaletxeari eta Andres de Irujo Sariaren deialdiari buruz hitz egin zuen.

Jardunaldiak abenduaren 5ean bukatu ziren Montevideoko Gernika Plazan. Bertan ‘Sarraskia merkatu egunean’ mintzaldia eskaini zuen Xabier Irujok eta omenaldia egin zitzaien Uruguaiko historian euskara mantendu eta zabaldu duten euskaldunei.

Haize Hegoan

Montevideoko Haize Hegoa ere izan zen Euskararen Egunaren inguruko ospakizunen egoitza. Bertan bildu ziren etxeko ikasleak, San Joseko Euskal Etxeko eta Euskaro elkartekoekin batera. Arratsaldean zehar hainbat jolas eta aktibitate egin zituzten bildutakoek.

Salton

Saltoko Euskal Etxeak urteak betetzen ditu abenduaren 3an eta urteurrenaren ospakizunarekin batera 2015eko ikasturteko agiriak banatu ziren. Euskararen Nazioarteko Eguneko jai nagusia, ordea, datorren asteburuan, abenduaren 18an eta 19an, egingo dira, ekintza kulturalak eta taberna barne.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia