euskal diaspora eta kultura
2011/04/27
PUBLIZITATEA
Gral. Villegas, Argentina. Udaleko agintari eta euskal etxeko ordezkariak bildu ziren atzo goizean Buenos Aires probintziako Gral. Villegaseko 'Guernica' plaza txikia inauguratzeko. Plaza herriko udalak utzitzako lur-eremuan eraiki da, euskal etxearen egoitzaren ondoan, eta hemendik aurrera euskaldunen esku egongo da berdegunearen zainketa.
“Gernikako Bonbardaketa Espainiako gerra zibilaren gertakari mingarrienetako bat da; hori dela eta aukeratu dugu egun hau inaugurazioa egiteko”, adierazi du 'Villegas-ko Euskaldunak' Euskal Etxeko lehendakaria den Diego Tellecheak. “Udalak berak eman zizkigun egoitza eraikitzeko lurrak baina gero beste orube honetaz ere arduratzeaz proposatu ziguten eta oso ideia ona iruditu zitzaigun Guernica plazarekin euskal etxearen proiektua osatzea”, azpimarratu zuen Tellecheak.
[Gral. Villegaseko Guernica Plaza inauguratzeko azken lanak]
Inaugurazio ekitaldiak goizeko 10etan hasi ziren, dantza ikuskizun batekin. Ondoren zerrendak moztu ziren eta bukatzeko ohorezko plaka desestali zen.
Apirilaren 26an beste herri batzuetan ere
Santa Fe probintziako Rosario hirian ere ospatu zen atzo Bonbardaketaren 74. urtemuga. Rosarioko euskaldunak ibai ondoan dagoen Gernika Plazan bildu ziren, lore sorta uzteko Gernikako kimuaren oinean. Zazpirak Bat-eko kideek “Gernika Arbola” eta “Eusko Abendaren Ereserkia” abestu zituzten eta euskal etxeko dantzari batek “Aurreskua” dantzatu zion bildutako jendeari.
Argentinako ipar-ekialdeko Chacoko 'Kotoiaren Lurra' Euskal Etxeak ere antolatu zuen ekitaldi berezi bat Bonbardaketa gogoratzeko. Bertako Sarmiento Institutuko Aretoan Gernikari buruzko hitzaldi eta bideo bat eskaini zioten komunitateari. Hitzordua atzo bertan izan zen, iluntzeko 8etan.
'Eusko Aterpea' Euskal Etxearen kasuan, Gral. Rodriguezeko euskaldunek 104.9 frekuentziatik igortzen den 'La hora de los vascos' irratsaioan gogoratu zuten Gernikak jasotako erasoa. Aipatzekoa da, komunikabideetan eta batez ere sare sozialetan hamaika euskaldun eta euskal erakundek Gernikako Bonbardaketaren urtemugari buruzko aipamen bereziak egin dituztela.
Datozen egunetako hitzorduak
Apirilaren 29an eta Euskal-Argentinar Koordinakundeak eta Euskal Herriaren Lagunak Elkarteak antolaturik “Gernika, bonbardaketa” filma botako da Buenos Aires hiriburuko Chacabuco eta Mexico kaleetan dagoen lokalean. Pelikularen bukatuta, Iñaki Martinezek hitz batzuk zuzenduko dizkio publikoari eta ondoren Norman Briski aktoreak testu alegoriko bat irakurriko du. Euskaltzaleak euskaltegiak parte hartuko du bileran “Gernikako Arbola” abestiaren esanahia azalduz eta abestuz.
Datorren astearen hasieran, maiatzaren 1ean hain zuzen, goizeko 11etan eta San Miguelgo San Pedro Claver kaperan Gernikako biktimen omenezko meza ospatuko dute Toki Eder Euskal Etxeko kideek.
Bitartean aurrera darrai Euskal Herrian Picassoren 'Guernica' Gernikara eramateko kanpainak. Eskaera honen aldeko bere sinadura utzi nahi dutenak www.guernicagernikara.net webgunera sar daitezke.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus