Llavallol, Argentina. Llavallolgo Euskal Echea eskolaren 2015eko Euskal Jaia joan den urriaren 3an izan zen, partaide zirelarik eskolako eta Kultura eta Ongintza elkarteko agintari eta agintari ohiak, Gurasoen Elkarteko ordezkariak, irakasleak, ikasleak eta ikasle ohiak. Euskal Kultura irakasle Begoña Muñiz izan zen ongietorria elebitara emateko arduraduna eta horren ostean hasi zen ekintza, erakusketa akademikoa eta mikro-ekimenak batu zituen egun osoko jaialdia.
Ekintzaren irekitzeari dagokionez, Hector Mario Guillamondeguik zuzendari duen Ezeizako Formakuntza Institutuko Bandak jo zuen banderak kirol zelaira sartu zirenean. Banderak lekuko, Argentinako ereserkia eta Gernikako Arbola abestu zituzten bildutakoek eta protokolozko jarduerekin jarraituz, Claudio Equiza apaizak bedeinkazioa eman eta Euskal Echea-ko zuzendari orokorra den Jorge Barros lizentziatua publikoari zuzendu zitzaion..
Zeremoniaren baitan, duela 25 urtedanik erakundearen babesle diren Fabre Romero eta Ferrari familiei omenaldia egin zien eskolak. Euren etengabeko laguntza eskertzeko, Agurra dantzatu zieten dantza tailerreko dantzariek, Laurak Bat euskal etxeko eta Ekin Dantzari taldekoekin batera.
Koreografia, eskema eta dantzak
Jaiaren programarekin jarraituz, danborrada donostiarraren erritmora sartu ziren kirol banderak. Festaren momentu honetan, koreografiek eta kirol eskemek bat egin zuten euskal dantzekin. Koreografien arduradunak Barbara Vaccarini, Vanesa Segovia, Eliana Wojcik, Dario Velazquez, Walter Suarez, Constanza Ronza, Maria Laura Garibaldi eta Carolina Supato irakasleak izan ziren. Eskainitako euskal dantzak, berriz, El quemado, Arin Arin (koreografikoa) eta Dantzari Dantza..
Argentinan Euskaraz programaren 25. urteurrena ere gogora ekarri zen. Ignacio Baña, Mauro Uranga, Dani Oiarbide eta Ioar Oteiza musikariek Kalez Kale jo zuten omenaldi gisa.
Urtero bezala, jaialdiaren une hunkigarrienetako bat adin eta maila guztietako ikasleek osatu ohi duten Euskal Irudiarena izan zen, Estampa Vasca. Mila neska-mutilek hartu zuten parte Maska Dantzan honela banatuta: Begoña Muñiz koordinatzaile, lehen mailako lehengo zikloko umeek Polka Pik eta Txapeloaz dantzatu zuten. Gainerakoek, Aitor Alavaren zuzendaritzapean, Kerestu dantza (bigarren maila), eta Hiru Xito eta Lapurdiko Polka (lehen mailako bigarren zikloa). Amaieran, ikasle, irakasle, dantzari gonbidatu eta ikasle ohiek Fandango, Arin Arin eta Biribilketa dantzatu zuten elkarrekin.
Euskal Echea-tik azpimarratu dute jaian aurkeztutako euskal dantzak 2014ko Gaztemunduko programa izan dutela iturri. Gogora dezagun Aitor Alava dantzariak hartu zuela parte Eusko Jaurlaritzak eskaintzen duen beka honetan, Eusko Kultur Etxea-ren izenean.