euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Proposamen anitzeko egitaraua Mar del Platako Denak Bat Euskal Etxean 2010. urteari agurtzeko

2010/12/24

Beti Alai Dantza Taldeko kideek euren pauso onenak oparitu zizkioten bildutako jendeari
Beti Alai Dantza Taldeko kideek euren pauso onenak oparitu zizkioten bildutako jendeari

PUBLIZITATEA

Abenduaren 2, 3 eta 4an, mota askotako ekimenak burutu ziren Mar del Platako Denak Bat Euskal Etxean 2010eko ekitaldien egitaraua ixteko. Hiru egun horietakoo ekintzek helburu zehatzak zituzten; alde batetik, Euskararen Nazioarteko eguna gogoratzea; beste alde batetik, euskal erakundearentzat hain arrakastatsua izan den urtearen amaiera ospatzea; eta azkenik eta bigarren puntuari loturik, Mar del Platako Bigarren Mendeurreneko Euskal Astearen antolakuntzan lagundu zutenei esker beroak ematea.

Mar del Plata, Argentina. Urte berezia izan da 2010a Denak Bat Euskal Etxerentzat. Bigarren Mendeurreneko Euskal Astea antolatzea suertatu zitzaion eta ondo asko bete du eginkizun hori. Baina milaka euskaldun biltzen zituen jai honek ez zuen euskal etxeko kideen lan egiteko gogoa agortu. Izan ere, abenduaren lehenengo astean berriro bildu ziren Euskararen Nazioarteko Eguna eta urte amaiera ospatzeko.

Ekintzen programa 'Euskal Herriko Baserriak' erakusketarekin hasi zen abenduaren 2an, arratsaldez. Argazkiak ikusgai egon ziren egoitzako areto nagusian, eta erakusketa osatzeko, baserriei eta Euskal Herriko arkitekturari buruzko bibliografia zegoen eskura. “Erakusketak oso harrera ona izan zuen Mar del Platako lagunen arten, batez ere argazkien kalitateagatik”, azaldu diote Denak Bat-eko kideek EuskalKultura.com-i.

ENE eta urte amaiera Mar del Platan 2010 01

[Mar del Platako euskaltzaleek lorte sorta bat utzi zuten Gernikako Kimuaren ondoan]

Biharamunean, Euskararen Egunean, etxeko Batzordeko kideek, ikasle eta irakasleek, eta oro har hiriko euskaltzaleek lore sorta utzi zuten San Martin Plazan dagoen Gernikako kimuaren aurrean. Ondoren, euskal etxeko Luis de Ariztimuño Liburutegian, “Kimuak” bildumako film laburrak proiektatu ziren. 

ENE eta urte amaiera Mar del Platan 2010 02

 [Beste ekintza batzuen artean, Kimuak bildumako film laburrak proiektatu ziren]

Ospakizunekin bukatzeko, abenduaren 4an, larunbatean, urte amaierako afaria egin zen. Lagunen arteko afaria baino gehiago, Euskal Astearen antolakuntzan lagundu zuten pertsona guztiei merezitako eskerrak emateko topaketa izan zen. Beti Alai Dantza Taldeak alaitu zuen jaia bere koreografiekin. Txikiek, ertainek eta helduek, baita dantzari ohien talde batek ere, txalo zaparrada jaso zuten.

Dantzatzeaz gain, euskal etxeko txikienek sari bat jaso zuten. Euskal Asteko “Umeen Postalak” lehiaketa irabazi zutenez, umeei diploma bana eman zitzaien. Ondoren Olentzerok goxokiak banatu zituen euren artean. Amaitzeko euskara ikasle eta irakasleek Artaburu Euskaltzale Taldeak urtero argitaratzen duen Euskara Denontzat aldizkaria oparitu zieten gonbidatuei.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia