euskal diaspora eta kultura
2012/11/29
PUBLIZITATEA
Buenos Aires, Argentina. Duela zazpi urte ireki zizkion bere ateak Mexiko kalean dagoen euskal etxeak bertoko komunitateari. Buenos Aireseko diasporako lagunen artean ‘Mexikoko etxea’ egin da ezaguna urte hauetan. Hala ere, izen propioa jartzeko asmoa beti izan dute bertan elkarbizi diren erakundeetako kideek eta 2012 urtea bukatu aurretik gauzatuko dute xedea.
Lizarraenea izenari dagokionez esan behar da arrazoi sendoak ematen dituztela Ekin eta Eusketxeko kideek erabaki hori hartzeko. Eurak azaltzen duten bezala “etxearen izenaren hautaketa ez da kasualitate hutsa izan, Lizarra, Nafarroan, izan baitzen Andres Maria de Irujo Ollo Ekin Argitaletxea sortzailearen jaioterria. Horretaz gain, frankismoaren heriotz eta jazarpen garai zailetan,‘A. de Lizarra’ izan zen Andresek erabilitako ezizena bere lanak argitaratzeko. Lizarran, gainera, Fray Diego de Estellaren etxe historikoa aurkitzen da, Aniana Ollo de Irujok hiriko Kultur Etxe bihurtu eta Andresek bizirik mantendu zuena bere oroitzapenetan, eta gerora Lizarra-Garaziko Hitzarmena izenpetzeko egoitza izan zena. Beraz, Andres Maria de Irujo Ollori omenaldia izango da izendatze hau, berari, eta bere familia osoak euskal kulturarekiko izan zuen konpromisoari”, argudiatzen dute Lizarraenea-ko arduradunek.
Ekin eta Eusketxe
Gogora dezagun bi erakunde elkarbizi direla gaur egun Lizarraenean, Eusketxe edo Casa de la Cultura Vasca-Eusko Kultur Etxea eta Ekin Argitaletxea. Euskal kultura hedatzeko asmoarekin, urtean zehar ekintza mordoa antolatzen dute. Alde batetik, hitzaldiak eta zikloak egin eta Euskal Herriko zein Argentinako data garrantzitsuenak ospatzen dira, hala nola, inauteriak, sanferminak, Gernikako Bonbardaketaren urtemuga eta Argentinako Iraultzaren eguna, batzuk aipatzearren soilik. Beste alde batetik, eta egutegi horretatik kanpo, mota askotako proposamenak burutzen dira etxean, tartean, Arte Erakusketak Eusketxeren Arte Galerian, euskal kulturari buruzko tailerrak, eta sukaldaritza topaketak. Beste alde batetik behar da aipatu etxeko Ekin Dantzari Taldeak, Aitor Alavaren zuzendaritzapean, bertan egiten dituela entseguak eta tailerrak.
Izendatze ekitaldia larunbatean izango da, abenduaren 1ean. Lagunen arteko brindisa gaueko 9etan gauzatuko da, Lizarraenea Etxean, Buenos Aireseko Mexiko kaleko 1880. zenbakian.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus