euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Ekin Dantzari Taldearen eskutik euskal dantzak ere gailendu ziren Buenos Airesko Folk Open Air Jaian

2013/12/24

Bigarren urtez jarraian hartu du parte Ekin Dantzari Taldeak Buenos Airesko Folk Open Air Jaia (argazkia EDT)
Bigarren urtez jarraian hartu du parte Ekin Dantzari Taldeak Buenos Airesko Folk Open Air Jaia (argazkia EDT)

PUBLIZITATEA

Aurten bere seigarren ediziora iritsi den 'Folk Open Air' izeneko festa Argentinako hiriburuko Folk Jaialdirik handiena da. Buenos Airesko Kultura Ministerioak bultzaturik, kalitate handiko artistak eta azpiegitura biltzen ditu, lehen mailako ikuskizunak eskaintzea helburu. Ekin Dantzari Taldea jai honetako protagonista izan da aurten ere. Aitor Alava zuzendariaren hitzetan, “gure taldeak komunitate osoarengana heltzeko asmoa du; Museoen Gauean eta Folk Open Air Jaian parte hartzea horren adibide onak dira”.

Buenos Aires, Argentina. ‘Folk Open Air’ Buenos Airesko Folk jaialdi nagusia da. Festaren programaren barruan Europako hainbat herritako folka jotzen eta dantzatzen duten goi mailako artista eta taldeak aurki daitezke. 2013 honetan, esate baterako, honako talde hauek aritu dira Avellaneda Parkean kokatuta zegoen agertokian: Ekin Dantzari Taldea (euskal dantzak); Greenfolk (folk irlandarra), Eire (dantza irlandarrak), Beltaine (folk zelta), Slavodka! (folk eslaviarra); Tengwar (folk metal zelta); eta Arme (errekreazionismo ikuskizun eskandinaviarra) eta Valherjes (Erdi Aroko esgrima).

Lizarraenea-ko dantzarien zuzendari den Aitor Alavaren esanetan, “jaialdi honetarako gonbitea jaso izana harro egoteko arrazoi bat da, garrantzitsua baita kultur aniztasunaren jai honetako parte izatea. Ekin Dantzari Taldeak dauzkan asmoen artean, euskal gizataldearen mugak gainditzea dago eta, beraz, komunitate osoarengana heltzea. Eta Museoen Gauean eta folk jaialdi honetan parte hartu izana joera horren adibide onak dira. Etorkizunari begira, dudarik gabe, proposamen berriak ere sortuko dira”, adierazi du.

Ekin Dantzari Taldea Folk Festival 2013 01

[Buenos Airesko Folk Open Air jaialdia joan den abenduaren 15ean burutu zen (argazkiaEDT)]

Datu bitxi moduan, bestalde, euskal presentzia tauletan ez ezik, jaiaren baitan muntatu zen Erdi Aroko azokan ere sumatu zen. Izan ere standetan, beste hainbat produkturen artean, patxarana eskaini zitzaion publikoari.

2014ari begira, honakoa esan du Buenos Aireko euskal dantza talde honetako zuzendariak: “Gure betiko helburuetan sakonduko dugu datorren urtean; talde gisa sendotu gaituzten helburuak baitira: Herriko dantzen errepertoria sustatuko dugu; beste erakundeei euskal dantzen emanaldiak eta ikastaroak eskaintzen segituko dugu; eta kultura argentinarra eta euskal kulturaren arteko loturak sendotzen jarraituko dugu”, laburbildu digu Alavak.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia