Erabat sartuta gizataldeen ekintzen zirkuitoan, Euskal Herriko kolektibitatearen ordezkari izan da Buenos Airesko Ekin Dantzari Taldea argentinar hiriburuko Arkakuso-Merkatuaren urteurren jaian eta San Fernandoko Sukaldaritza Gunearen 2. edizioan. Euskal dantzen erreferente bihurtuta, Eusketxeko dantzariek tailer bat eman dute baita ere, kasu honetan Pergaminoko Lagun Onak euskal etxean.
Buenos Aires, Argentina. Hitzordu bikoitza izan zuten joan den larunbatean Lizarraenea etxeko Ekin Dantzari Taldeko lagunek. Arratsaldeko ordu 2etan euskal dantzariei egokitu zitzaien Palermo auzoko Arkakuso-Merkatuaren urtebetetze jaiari hasiera ematea. Merkatuan, eta Buenos Aireseko Udalak antolatutako urteurren ekitaldian, Euskal Herriko plazen giroa sortu eta berregin zuten gazteek Soka Dantza eta Txulalai dantzekin.
Bigarren hitzordua, berriz, Buenos Aires probintzian izan zen, San Fernando hiriko Mitre Plazan. Bertan Sukaldaritza Gunean dantzatu zuen Aitor Alavak zuzentzen duen taldeak, publiko ugari lagun. “Jaialdiaren bigarren edizioa izan da eta euskal kolektibitatea ezin zen kanpoan geratu San Fernandok, partiduaren sorreratik, lotura handia izan duelako euskaldunekin. Are gehiago, hiriak Arantzazuko Ama Birjinaren omenezko parrokia bat ere badauka”, azaldu dio Alavak euskalKultura.com-i.
San Fernandon egunean zehar aurkeztu ziren ikuskizun artistikoen artean, Ekin Dantzari Taldeak “Bralia Kontrapas”, “Euritakoa”, “Aurreskua”, “Agurra”, “Danza de los Patronos de Salinas de Añana”, “La Perra” Jota eta “Arin Bodarin” dantzak eskaini zituen.
Dantzari eta dantza-irakasleak
Ikuskizunak prestatzeaz gain, tailerrak ere eskaintzen dituzte hiriburuko dantzariek, hala eskatzen dieten euskal etxeetako taldeei. Kari horretara eta joan den ekainaren 6an Pergamino hirira bidaiatu ziren Eusko Kultur Etxeko lau dantzari, Lagun Onak euskal etxean eskolak emateko.
“Programa osatzeko haien galderak eta zalantzak izan genituen kontuan; eta zortzi orduko klase batean, gauza zehatz batzuk azaltzeaz aparte, norabide batzuk erakutsi genizkien gero haiek beren kabuz jarraitu ahal izateko”, azaldu digu Ekin Taldeko zuzendariak. Tailerra giro ederrean eta etekintsu egin zen eta dantzari hiriburutarrek ez dute esperientzia errepikatzeko aukera baztertzen.