Bihar joko du La Platako euskal etxean Zutarriak talde hiriburutarrak, bertako Matxin Burdin Liburutegiaren 40. urteurreneko ospakizun programa barruan. Emanaldia iluntzeko 8etan izango da, sarrera doakoa. Gonbitea luzatzeaz gain, kultur eta kirol arloan azaroan egindako ekintzak partekatu nahi izan ditu gurekin La Platako Euzko Etxeak.
La Plata, Argentina. Buenos Airesko Zutarriak taldeko musikariek lehenengo kontzertua izango dute biharkoa La Platako hirian zein hiriko euskal etxean. Iñaki Esquiroz zuzendari, euskal errepertorioa eta Argentinako folkloreko klasiko batzuk taularatuko ditu ensambleak Matxin Burdin Liburutegiaren 40. urteurrena ospatzeko programaren barruan eta, azaroaren 10a izanik, Tradizioaren Eguna ere gogoan atxikiko dute. Emanaldia iluntzeko 8etan izango da, Euskal Etxearen instalazioetan, sarrera urririk. Kontzertuaren ostean, afaria eskainiko du Euskal Etxeak. Bertaratzeko lekua erreserbatu behar da, 0221 457 1638 telefonora deituz edo secretaria@cvascolaplata.org.ar helbide elektronikora idatziz.
Musika alorretik atera gabe, bereziki harro adierazi du Euzko Etxeak bere baitango abesbatzak La Platako “Oriente Monreal” Koru Musika Zikloan hartu zuela parte azaroaren 4an. Evangelina Bertola zuzendari, euskal kantutegiko piezak taularatu zituzten abeslariek probintzia mailako kantaldi horretan.
Xarea
Azaroan bultzatutako ekintzen artean, Santa Fe probintziako Pilota Federazioak gonbidaturik euskal etxeko Mikel eta Iñaki Gil Najera, Alan Correa eta Francisco Bozzolo erakundeko pilotariek Xare eskolak eta erakusketa eskaini zituzten Venado Tuerto hirian. Bidaia berean, Uruguai ibaia zeharkatu zuten kirolariek Uruguaiko Mercedes hiriko Pilotarien Elkartea bisitatzeko. La Platatik propio bidaiatu ziren 22 urtez azpiko kategoriako pilotariekin batera, ume eta nerabeentzako klaseak ere eman zituzten argentinarrek Uruguain.
Immigrazioa eta Zinea
Matxin Burdin Liburutegiaren urteurreneko ospakizun programa berriz ere aipatuz, eta El Faldon taldearekin batera antolatutako ekimen batean, “Nomeolvides Armenuhi: la historia de mi Abuela Armenia” liburua aurkeztu zuen bere egile Magda Tagtachian-ek Euzko Etxea sustatzaile. Aurkezpena Estacion Provincial Kultur Gunean izan zen, azaroaren 3an, euskal eta armeniar kolektibitateetako hainbat ordezkari lagun. Euzko Etxeak esker beroak luzatu nahi dizkie Magda Tagtachian idazleari, eta Florencia Gobelian, Cristina Demo eta Luciana Figuretti El Faldon taldeko kideei; Estacion Provincial Kultur Guneko arduradunei; Euskal-Argentinar Ikasketa Zentroko Jose Saldiasi; Genozidio Armeniarraren Oroimen Fundazioko Nelida Boulgourjiani; eta Gogoetarako Armeniar Katedra Askeko Carlos Esayani, ekintzarekin lagundu eta aurkezpenean parte hartzeagatik.
Nobedadeekin bukatzeko, Gogoetarako Euskal Katedra Askeak eta Euskal Etxeak ‘Euskaldunen Herria ezagutzen’ izeneko Zine Zikloko emanaldi berri bat burutu zuten azaroaren 2an. Saio honetan Amama pelikula proiektatu zen Bernardino Rivadavia Kultur Aretoan, Carlos Gabilondo aurkezle.