Argentinan sortu eta ekoitzitako euskal ikuskizuna da. "Made in Argentina", baina euskalduna, eta izenean bertan argitzen duenez --EKIL du izena-- "Euskal Kantuen Ibilbide Luzea" (EKIL) eskaintzeko asmoz sortua da, sortua du Rosana Entizne musikari, euskaltzale, kantari eta irakasle euskal-argentinarrak. Zer den? Zerbait desberdina, kontzertu didaktiko bat, zuzeneko hitza, musika eta kantua uztartzen dituena, bidaia eskaintzeko euskal kantuan zehar: Aita Donostia eta Madinarekin batera 'Ez dok Amairu' edo Urkoren 'Guk euskaraz' bezalako ekarpenek lekua daukaten ekimena.
Buenos Aires, Argentina. Ikuskizunak --ikusentzunkizunak esan beharko-- piano bat, kantariak, multimedia euskarria eta kantatzen diren kantuekin bat doazen arropak eta atrezzoa batzen ditu, hori guztia ibilbide bat eskaintzeko euskal kantugintzan zehar, aita Donostia, Madina, Guridi edo Usandizagak konposatu edo egokitutako kantuetatik hasiz, segituz operarekin edo omenaldia eginez Eresoinkari bere 80. urteurrenean, gaur eguneraino iritsi arte, Ez Dok Amairu tarteko edo Argentinan hain indartsua den Urkoren "Guk Euskaraz" abestia, esaterako.
Honen guztiaren atzean, Rosana Entizne bahiatarra dago, beti ideia berriak buruan dabilen musikari, euskaltzale, kantari eta irakasle euskal-argentinarra, berarekin bat daudela ekimen honetan Victoria Roldan sopranoa, Cristian Carrero tenorea, Miguel Angel Perez hizlaria eta Ezequiel Sarubbi piano jotzailea.
Proiektu hau Lyric Doul Producciones enpresa bitarteko bideratu dute. Honela aurkezten dute euren eskaintza: "Proposamen desberdina da musikaren alorrean. Musika-ilustrazio anitzak baliatuz, partekatu nahi dugu ikuslearekin ibilbide bat, euskarazko kantuaren munduan modu hunkigarrian barneratzeko, bere historia, testuingurua, bere musikagile eta jakingarriak plazaratuz. Horretarako ikusentzuteko euskarriak eta itzulpenak baliatzen ditugu", diote.
Ikuskizuna prest dago Argentinan (Argentinatik kanpo egiteko, galdetu direcciondearte@lyricsoul.com.ar helbidera) edonora joateko, izan euskal etxeak, kultura etxeak, udaletako aretoak, antzokiak, musika eskolak...
Buenos Aires hirian, ekainaren 3an emango da, Eusko Kultur Etxearen egoitza den Lizarraenean, Mexiko 1880 helbidean (Combate de los Pozos eta Entre Rios artean), 20:00etan, sarrerak 200 peso. Musikazalea edo euskaltzalea bazara, ez zazu galdu, merezi baitu!
Proposamenetarako:
Lyric Doul Producciones
direcciondearte@lyricsoul.com.ar
tel: 291 430 0467 (9etatik 14etara) / 11 15 4969 0158