euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

EKEk gaurko musika eta irudiari buruzko proiektu bat diruz lagunduko du; Diasporak ere parte har dezake

2013/02/22

Hogei'ta egitasmoko deialdi berri honen afitxa
Hogei'ta egitasmoko deialdi berri honen afitxa

PUBLIZITATEA

Euskal Kultur Erakundeak sorkuntza sustatzeko Hogei'ta egitasmoaren barruan deialdi berria egin du: kasu honetan, musika eta irudia erabiliz euskal kultura eta euskara berrintepretatzen duen proiektu batlagunduko du elkarteak, gehienez 13.000 euroz. Deialdian EKEk Iparraldeko zein Hegoaldeko kultur erakunde ezagunen sostengua du. Euskal Herriko, Diasporako zein nazioarteko artistek parte har dezakete, EKEk EuskalKultura.com-i baieztatu dionez. Proposamenak euskaraz, frantsesez, gaztelaniaz edo ingelesez bidal daitezke. Hautagaitzak aurkezteko epea apirilaren 30ean amaituko da.

Uztaritze, Lapurdi. Euskal Kultur Erakundeak eta Biarritzeko Atabal gelak mugaz gaineko proiektu deialdi bat abiatu dute gaurko musiken eta irudiaren alorretan, Hogei'ta ekintza labelaren karietara. Ekimen honetan EKEk lagun izan ditu Donostia 2016 – Europako kultura hiriburua Fundazioa, Donostia Kultura, Emankor Sarea (Bilbo), le Rocher de Palmer aretoa (Cenon) eta le Florida gela.  

Deialdiaren helburua da euskal kulturaren (historiaren, gizartearen…) eta euskararen osagai batzu berrinterpretatu eta itxuraldatuko duten egitasmo berritzaileak laguntzea. EKEk agertu duenez, proiektuaren zuzeneko aurkezpenak gaurko musikak eta irudia nahasiko dituen sorkuntza baten itxura ukanen du. Hautagaiek, berek bildu eta grabatu ekaietatik abiatu beharko dute eta material horren baliatzeko eskubidea dutela segurtatu.

Hautagaiak

Deialdian Euskal Herriko zein nazioarteko artistek eta sortzaileek parte har dezakete, Diaspora barne, EKEk Euskalkultura.com-i baieztatu dionez. Dirulaguntza gehienik 13.000 eurokoa (BEZ-a barne) izanen da obra baten ekoizpenarentzat eta aurkezpenarentzat.

Sorkuntza prozesuan artistek egonaldiak egingo dituzte Akitania Eskualdeko eta Euskal Autonomia Erkidegoko gaurko musiken baliabide tokietan. Kasu honetan, bide, aterpetze eta apairu gastuak errezebitzen dituzten egituren gain izanen dira.

Hautagaitzak bidaltzeko epea

Hautagaiek honako dokumentazioa bidali behar dute, apirilaren 30a baino lehen:

  • Xede nota bat

  • Aurkezturiko proiektuaren aurkezpen zehatza

  • Aurrekontu zehatza

  • Aintzineko lanen eta proiektuen aurkezpena CV-a

Txostenak emailez (pdf formatuan) eta postaz bidali behar dira bi erakunde hauetara:

eta

  • Atabal – Gaurko Musiken eszena bezala hitzartua - 37 Allée du Moura - 64200 Biarritz
    François Maton - francois.atabal@orange.fr

Informazio gehiago EKEren webgunean, hemen.

 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia