euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Ekainaren 23an inauguratuko dute Chivilcoyko Euskal Etxea eta Arantzazuko Ama Birjina 24an jargiratuko

2007/06/11

Euskal Etxearen eraikinean agertzen den plaka
Euskal Etxearen eraikinean agertzen den plaka

PUBLIZITATEA

Chivilcoyko Beti Aurrera Euskal Etxeko kideek hamaika lan eta ekimen egin dituzte azken urteotan euren elkartearen egoitza eraikitzeko. Bidea nekez eta ilusioz josia izan da eta azkenik euren ahaleginen emaitza ikusi ahal izango dute datorren 23an, Euskal Etxearen inaugurazioarekin. Elkarteko kideak eta Chivilcoyko lagun asko izango dira bertan, bertako euskal jarduera eta ekimenei babesa emango dien eraikina barrutik ezagutzeko gogo biziz. Biharamunean, Arantzazuko Ama Birjina jargiratuko dute.
Chivilcoyko euskal komunitatea jo ta su ari da lanean egunotan, Euskal Etxearen egoitzaren inauguraziorako dena prest edukitzeko asmoz. Egoitzaren eraikitze eta jazte prozesua luzea izan da, baina azkenik guztiak forma hartu du eta jarduera desberdinetarako erabiliko diren gela eta aretoak prest daude, ekitaldi ofizialaren zain. Inaugurazioa hilaren 23an izango da, larunbata, eta euskal etxeko kide ugarik eta Chivilcoyko herritar askok agindu dute partaidetza, 'ez genuke inondik inora galdeko' esanez. Ongietorria eginez 'Beti Aurrera'ko dantzari batek aurreskua dantzatuko du. Ondoren oroigarri bat desestali eta eraikina bedeinkatuko dute. Honez gain Euskal Etxearen historia biltzen duen bideo bat erakutsiko da eta elkarteko kideek bisitarientzako oturuntza prestatuko dute, Nelba Calonge euskal etxeko zuzendaritzako kide eta langile porrokatuak azaldu digunez.

Biharamunean, ekainaren 24an, igandea, Euskal Herriko lagun batzuk elkarteari oparitutako Arantzazuko Amaren irudiaren jargiratze edo 'tronuratzea' egingo da. Ekitaldia egoitza zabaldu berrian ospatuko den meza elizkizunean egingo da eta inguruetako kristau eta elkarte katolikoek ere parte hartzeko gonbitea jaso dute. Euskal Etxeko dantza taldeak erakustaldia eskainiko du meza ondoren.

Datozen ekimenak

Euskal Etxearen eraikinak proiektu eta ekimen berriak bideratzeko aukera emango die elkarteko kideei. Horietako bat liburutegia izango da. Eraikinean liburutegirako aretoa prest dago eta datozen egunetan berau osatzeko liburuak bilduko dituzte. Euskara taldeak ere gela propioa dauka, klaseak bertan emateko, bi larunbatero. 'Bi talde daude euskara klaseetan, bat aurten hasitakoa eta bestea iazkoan', azaldu dio BasqueHeritage.com-i Nelba Calongek. '25 lagundik gora biltzen zaizkigu euskara ikastera.

Euskal Etxeak bere irratsaio propioa ere jarriko du abian. Larunbatero izango da entzungai, 12:00etatik 13:00etara (a.m.LT. 32-Radio Chivilcoy). Programak FEVAk egiten duen 'La Hora de los Vascos' irratsaioa izango du oinarri eta Chivilcoyko berriekin eta Euskal Etxeko deialdiekin uztartuz plazaratuko da.

Kirola, dantza, gizarte ekintzak...

Kirola eta dantza dira Euskal Etxeak lantzen dituen beste arlo batzuk. Duela aste batzuk elkarteko talde bat Chacabucoko Euskal Etxean Gernika Rugby Taldearen ordezkariek eman zuten mintzaldian egon zen. Bestalde, elkarteak adin nagusiko kirolari bati babesa ematen jarraituko du aurten, Roberto Navaridas atleta ezaguna, euskal jatorrikoa eta euskal etxeko kidea. Navaridasek, Euskal Etxearen logoa eraman ohi du soinean txapelketetan.

Dantzari dagokionez, bi taldeek -- txikiak eta gaztetxoak-- larunbatero izaten dute entsaioa 14:00tatik 17:00tara. Elkartea dantzarientzako jazkiak prestatzen ari da buru-belarri. Hurrengo dantza hitzorduak ekainaren 24a eta uztailaren 7a izango ditu, azken hau Euskal Etxearen urteurrena. Bestalde, aurten ere dantzariek pertsona nagusien egoitzetara eta beste elkarte batzuetara egiten dituzten bisitekin jarraituko dute.


Lotura interesgarriak

Chivilcoyko EEak Villa Mercedesen hartu zuten Arantzazuko Ama
Basqueheritage.com-en argitaratua 2007ko maiatzaren 22an

350 lagun Chivilcoyko urte bukaerako topaketan
EuskalKultura.com-en argitaratua 2006ko azaroaren 27an

Chivilcoyko dantzariek gaixo ezinduei bisita egin zieten
EuskalKultura.com-en argitaratua 2006ko azaroaren 22an


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia