euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Ekai Txapartegi, Mexikoko UNAM Unibertsitatean ikertzen eta ikasketak zabaltzen diharduen filosofo zarauztarra

2008/03/05

Ekai Txapartegi Kalifornian (argazkia Gaztezulo)
Ekai Txapartegi Kalifornian (argazkia Gaztezulo)

PUBLIZITATEA

Hogeita hamaika urte dauzka eta doktoretza ondorengo beka bati esker Berkeleyko Unibertsitatera (Kalifornia) joan zen, lehenik, filosofia ikasketak jarraitzera. 2005ean 'Desobedientziaz ibiltzen' izeneko liburua kaleratu zuen, ekintzaile gisa zeukan eskarmentutik abiatuz desobedientzia zibilaren gogoeta teorikoa eginez. Orain, ordea, Mexiko Hiriburuko UNAM Unibertsitatean ari da ikerketan eta hausnarketan, buruari eraginez. Gaztezulo aldizkariak orain gutxi egin dion elkarrizketatik laburbildu ditugu segidakoak.
Ekai Txapartegik atzerrira abiatu behar izan zuen ikasketak amaitzera. Lehenik Kalifornian, Berkeleyko Unibertsitatean, aritu zen doktoretza ondorengo beka bati esker filosofia ikasketak jarraitzen. Berkeley munduko hamar unibertsitate onenen artean dago kontsideratua eta horri publikoa izatearen ezaugarri emendatzen dio. Txapartegik irakaskuntzatik bizi nahi du, eta horretarako ikerketak egitera behartuta dagoenez, horrek atzerriko unibertsitateetan curriculum ona edukitzea esan nahi duela uste du eta horixe izan zuen, beraz, kanpora abiatzeko arrazoia.

Filosofo ikusten du bere burua eta bere ogibidea “filosofia irakurtzea eta filosofiaz idaztea” dela adierazten du. “Pentsatzearen apologista naiz. Pentsatzea osasuntsua da, ona”, azaltzen du. Kaliforniatik pasatu ostean, gaur egun, Mexiko DFko UNAMen (Universidad Nacional Autónoma de México) dabil ikerketan eta hausnartzen, eta oso pozik agertzen da bertako esperientziaz. Bere ustetan, UNAMek lan soziala eta akademikoa uztartzen jakin izan du.

'Euskalduna, jakina, ez espainola'

Hiru urte daramatza Euskal Herritik kanpo, baina ez du bere nortasuna ahazten eta arazorik gabe erantzuten du 'euskalduna' bere nazionalitateaz galdetzen diotenean, ez baitzaio axola ondoren azaltzen hastea zergatik euskalduna eta ez espainola, bertakoek, gaztelania hitz egiteko bere moldeagatik berehala espainoltzat jotzen badute ere, kontatzen dio Gaztezulori.

Euskal Herrira bueltatzeko konpromisoa duela ere aipatzen du Txapartegik elkarrizketan: “Euskal Herrira bueltatu nahi dut hangoa naizelako, eta nire burua ez dudalako beste inon ikusten. Euskal Herrian bizitzeko kanpora joan behar izan dut, baina beti ere bueltatzeko asmo horrekin”. Gainera, “amak narama Euskal Herrira bueltatzera, bestela akabatu egingo nauelako!”, dio umorez.

Zarauztarrak liburu bat atera zuen 2005ean, 'Desobedientziaz ibiltzen' izenburuarekin. Lan honekin bera ekintzaile zeneko esperientzietatik abiatuta, desobedientzia zibilaren izaera eta bideei buruzko gogoeta egiten zuen. Txapartegik, esaterako, beste zenbait lagunekin, A8 autobidea itxi zuen euskal presoen sakabanaketa politika salatzeko. Eta bide horretan jarraitu zuen Espainiak Berlinen duen enbaxadan kateatu zenean Europako Konstituzioan euskal nazioa ezagut zezaten aldarrikatzeko.


Lotura interesgarriak

Gaztezulo, gazte euskaldunen aldizkaria
www.gaztezulo.com

Gaztezulok liburuari buruz 2005ean egin zion elkarrizketa
www.gaztezulo.com webgunean


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia