Posadas, Argentina. Deialdia Argentina eta Euskal Herriko gidoigile, zuzendari eta ekoizleei dago zuzenduta. Elkar-Sorkuntza Laborategiaren baitan plataforma birtual batean lan egin ahal izango dute hautatutako egileek, beti ere Euskadi eta Misionesko adituen ardurapean. Proiektuan parte hartu nahi dutenek Eiken Klusterrarekin (Eiken) edo IAAvIM-Misiones probintziako ikus-entzunezko Institutuarekin (IAAvIM) jarri behar dira kontaktuan. Jasotako proposamenen artean bi proiektu aukeratuko dituzte Eiken-ek eta IAAvIM-ek.
Sorkuntza Laborategiaren proposamena sustatzeko bideoan Posadasko Euskal Jatorri Euskal Etxeko lagunak agertzen dira. Elkarteko diruzaina den Maria Jose Bilbaok Zine Zikloa aurkezten du; Maria Silvia Soloaga idazkariak Euskal Etxeak dituen beste kultur ekintza batzuk, tartean euskara klaseak. Euskara klaseak Buenos Aireseko Euskaltzaleak Euskaltegiaren On Line Ikastaroko materialarekin egiten dira Posadasen, orain gainera, bertan egonaldi bat egiten ari den Edurne Izagirre Elizaran lagun. Bideoan probintziako gobernadorea den eta euskal jatorria duen Hugo Passalacquak ere hartzen du parte.
[Elkar Sorkuntza Laborategia sustatzeko bideoa]