euskal diaspora eta kultura
2012/10/11
PUBLIZITATEA
Paue, Frantzia. Euskaratik beste hizkuntzetarako literatur itzulpengintza sustatzeko ahaleginari jarraituz urteroko itzulpen-lantegia antolatu du EIZIEk, baina berrikuntza nabari batekin: aurten, aurrenekoz, Frantzian egingo da lantegia. Iaz Etxepare Euskal Institutuak eta EIZIEk sinatu zuten hitzarmenarenari esker antolatu da Pauen lantegia, Paueko Université de Pau et des Pays de l'Adour Unibertsitateko LLC-Arc Atlantique laborategiarekin lankidetzan.
Mintegian Eider Rodriguez idazle errenteriarraren 'Katu Jendea' ipuinaren hainbat itzulpen egingo dira:
-André Gabastouk (Bernardo Atxagaren lanak frantseseratu dituen itzultzaileak) Gatos ipuina izango du abiapuntu (Eiderrek berak gaztelaniaratua).
-Henrike Olasolok eta Peter Smaardijk, Herbeheretako Zirimiri Press argitaletxeko kideek, euskaratik nederlanderara itzuliko dute testua.
-Joana Pocheluk eta Gabi Schwab-ek euskarazko jatorrizkotik zuzenean itzuliko dute frantsesera eta alemanera, hurrenez hurren.
Amy Winehouse-ren ama
Itzulgaia kokatzeko, Eider Rodriguezek bere literaturaren nondik norakoak azalduko ditu (Amy Winehouse-ren ama), bai eta Katu jendea ipuin sorta gaztelaniaratzeko prozesuarenak ere (Autotraizioaz).
Aurtengo edizioak badu beste berezitasun bat: Paueko Unibertsitateko Itzulpengintza masterreko ikasle eta irakasleek mintegi paralelo bat egingo dute, aldi berean eta itzulgai beraren gainean, eta mintegiaren bigarren egunean bi taldeek bat egingo dute. Eider Rodriguezi zein itzultzaile profesionalei galderak egiteko aukera izango dute ikasle-irakasleek, bai eta beren esperientziaren berri emateko ere.
Amaiera ekitaldia jendaurrean
Mintegiaren azken egunean, parte hartzaileek beren esperientziaren berri emango dute, eta, ondoren, errezitaldia egingo dute: Katu jendea ipuinaren zenbait pasarte bost hizkuntzatan entzungo dira, musikaz lagundurik. Ekitaldia urriaren 18an izango da, arratsaldeko 15:00etan, Paueko Gazteluan.
Ekitaldi horretan izango dira, baita ere, Mari Jose Olaziregi Etxepare Euskal Institutuko Euskara zuzendaria eta UPPAko ordezkariak.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus