San Miguel, Argentina. “Liburuak Entzuten” du izena Buenos Airesko San Miguel herriko Askatasunaren Bidea euskal kultur elkarteak antolatutako literatur ziklo arrakastatsuak. 2018az geroztik, euskal egileek idatzitako testuak zabaltzen dituzte euren topaketetan, ahozko kontaketak tarteko. Azkenekoa, abuztuaren 24an izan zen eta honakoan ere María Inés Mogaburu idazle eta psikiatrak entzuleak liluratu eta harrapatu zituen bere kontakizunekin: egindako aukeragatik eta bere kontatzeko moduagatik. Gogora dezagun elkarteak hiriko Domingo F. Sarmiento Herri eta Udal Liburutegi zaharrean burutzen duela bere jarduera, eta aipatu larunbatean ere auzokide ugariren partaidetza jaso zuen.
Maria Ines Mogaburuk ez ditu soilik istorioak kontatzen. Literaturazale amorratu den honi kontakizunak gorputzetik pasatzen zaizkio, eta irudikatu egiten ditu. Azken saioan aurkeztu zuen antologian hiru lan jendaurretu zituen. Eider Rodriguezen "Hirugarren oparia" ipuina, Joseba Sarrionandiaren "En la casa monstruosa" olerkia eta Kirmen Uriberen “Bilbao - New York - Bilbao” liburuaren "Laburmetraiak 16 milimetrotan” atala. Hiruak gaztelaniazko bertsioetan. Bakoitzean, idazlaren biografia laburbildu eta ekoizpen literarioaren aurkezpena egin zuen. "Hiru lanen ardatz komuna maitasuna da, hori da nire sentipena. Gainera, elkarren lagunak dira eta errespetua lokarri dutei”, adierazten dio EuskalKultura.eus-i, Eider Rodriguez eta Kirmen Uribe idazleen agurrak eta zorionak jaso zituen kontalariak.
Hurrengoa azaroaren 23an
“María Inések aurkeztuko zituen istorioen izenburuak ez zituen aurretik adierazi nahi izan, eta horrek jakinmin berezia sortu zuen jendearengan. Partaidetza handia izan zen eta aulki gehiago ekarri behar izan genituen. Izan ere, publikoa oso gustura dago zikloarekin eta baita gu ere duen arrakasta ikusirik eta, dagoeneko, hurrengoaren zain gaude”, esan digu Askatasunaren Bidea-ko erreferente Horacio Marotto Etxezaharrek. Aipatutako saioa, aurtengo hiru hitzorduetatik bigarrena izan da. Galdu zutenentzat, hurrengoa, eta aurtengo azkena, azaroaren 23an izango da, ohi bezala doan, San Miguelgo Domingo F. Sarmiento Liburutegian.