euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Ehunka puxika zuri, berde eta gorri askatu ziren larunbatean FEVAk antolatutako 13. Umeen Topaketan

2010/10/20

Mota askotako ekintzak egin zituzten txikiek FEVAk antolatutako 13. Umeen Topaketan
Mota askotako ekintzak egin zituzten txikiek FEVAk antolatutako 13. Umeen Topaketan

PUBLIZITATEA

“Topaketaren helburua umeek Euskal Herriko kultura --dantzak, jokoak, musika, antzerkia, eskulanak eta euskara-- ezagutzea da. Aldi berean mutiko eta neskatoen arteko harremanak sortu eta sendotzearen aldeko jaia ere bada”, azaldu diote FEVAko euskara arloko arduradunek EuskalKultura.com-i. Federazio argentinarra bera da topaketaren antolatzailea, HABEtik jasotzen duen diru-laguntzarekin. Aurten 200 bat neska-mutilek hartu dute parte Topaketaren 13. edizioan eta, urtero bezala, egun aparta pasatu dute Llavallolgo Euskal Echea Institutuko zelaietan.

Llavallol, Argentina. Arrecifes, Ayacucho, Buenos Aires, Cañuelas, Chacabuco, Chascomus, Gral. Rodriguez, La Plata, Lomas de Zamora, Maipu, Rosario eta Tandilgo euskal etxeetako txikiak, Euskal Echea eskolakoekin batera, bildu ziren joan den urriaren 16an Llavallolgo Euskal Echea-ko instalazioetan 13. Umeen Topaketan parte hartzeko.

13. Umeen Topaketa 2010 01

[Topaketaren helburua umeak euskal kulturan murgiltzea da]

Gosari goxo batekin hasi zen eguna. Ondoren, eta taldeak osatu bezain laster, monitoreek eta ekintzen koordinatzaileek lagundu zituzten parte hartzaileak jolasen zirkuitua egiten. Dantzatu ere egin zuten txikiek. Besteak beste, Polkak, Makil dantzak, Kalejirak, eta Zazpi jauziak, trikitixa eta panderoaren lagunduta, udaberriko arratsalde eguzkitsuan.

13. Umeen Topaketa 2010 02

[Euskal etxeetako txikienek oso ondo pasatu zuten monitore eta koordinatzaileek proposatutako jolasekin]

Bazkaldu eta gero, Begoña Lentinik, FEVAren izenean, esker beroak eman zizkion bildutako jendeei eta bereziki Euskal Echea Institutuari topaketa gauzatzeko bere instalazioak eskaintzeagatik. Aldi berean, Eskolako zuzendaria den Izaskun Ordokik ere agurtu zituen gonbidatu guztiak eta puxika zuri, berde eta gorri sorta bat askatzeko ardura izan zuen. “Puxikek batasun, bake eta etorkizun hobearen aldeko mezuak  daramatzate”, azaldu zuen.

13. Umeen Topaketa 2010 03

[Jaiari bukaera emateko, ikurriñaren koloretako puxikak aireratu ziren]

Agur esateko momentuan, opari gisa, umeek egindako Euskal Herriko mapak trukatu zituzten euskal etxeetako ordezkariek. Topaketetan dantzatzen eta entzuten diren abestiak biltzen zituen cd bat ere eskuratu zitzaien partaideei. Jaiari bukaera emateko, ume eta helduek, elkarrekin, Gora Behera, Fandango eta Arin arin dantzatu zituzten.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia