euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal Argentinar Astea 2013: ehunka gazte euskal dantzen erakusgarri Villa Mariako anfiteatroan (IV)

2013/11/14

30tik gora dantzak osatu zuten aurtengo Dantza Emanaldiaren programa (argazkia EuskalKultura.com)
30tik gora dantzak osatu zuten aurtengo Dantza Emanaldiaren programa (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Dantzariak protagonista dira Euskal Astean eta euren ardura da urtero larunbat gaueko gala emanaldia. 2013 honetan, beste behin, ondo baino hobeto bete dute euren eginkizuna. Azpimarratzekoa da hogeita bost dantza talde bildu zituen agertoki honek hiri eta herrialde mailan daukan garrantzia: anfiteatroan bertan burutzen da urtez urte Villa Mariako Peñen Jaialdia, nazioarteko artistak partaide. Larunbateko galan, kalejira erraldoi batek eta Gozategi Taldearen kontzertuak ekarri zieten amaiera bertako ekitaldiei.

Villa Maria, Argentina. Lan ederra egiten dute urtean zehar euskal etxeetako dantzariek. Eta dudarik gabe, euren urteko erronka nagusietako bat Euskal Asteko dantza emanaldia da. Esaten dutenez, tauletara igotzeko momentuan, nekea, urduritasuna eta buruko minak desagertu egiten dira eta ilusioa eta bertan partaide izatearen atsegina baino ez da islatzen aurpegietan. Hogeita hamarretik gora koreografia ikusi ahal izan ziren Villa Marian, bakoitza euren jatorrizko euskal herrien eta taularatu zituzten euskal etxeen ezaugarriak erakutsita. Larunbat iluntzeko dantzaldiaren bigarren zaitu hau umorezko saio batekin hasi eta Gozategi taldearen kontzertuarekin bukatu zen.

VMko euskal astea Arrecifes 19

[Arrecifeseko dantzariek eman zioten hasiera ikuskizunaren bigarren zatiari. Akelarre taularatu zuten Euskaldunak Denak Bat euskal etxeko neska-mutilek (argazkia EuskalKultura.com)]

VMko euskal astea La Pata 20

[La Platako Denak Baten dantza taldea, 2013ko Euskal Aste Nazionaleko partaide. Ez ahaztu eurak direla 2014ko Euskal Astea antolatzeko arduradun. Hautatu zuten dantza, Gorazarre izan zen (argazkia EuskalKultura.com)]

VMko euskal astea Arrecifes 21

[Cañuelasetik, Aberri Eguneko Dantzarien Topaketaren antolatzaileek Makila Handiena proposatu zuten aurten (argazkia EuskalKultura.com)]

VMko euskal astea Maipu 22

[Maipuko dantzariek Iribasko Ingurutxoa ekarri zuten dantzaldira (argazkia EuskalKultura.com)]

VMko euskal astea Accion Vasca 23

[Buenos Aires hiriburuko Eusko Ekintza dantza taldekoek Dantzari Dantza eskaini zioten publikoari, ikurrinaren koloreak airean ezarririk (argazkia EuskalKultura.com)]

VMko euskal astea Macachin 24

[Macachingo dantzariek txalo ugari jaso zituzten euren Suitearekin (argazkia EuskalKultura.com)]

VMko euskal astea Arrecifes 25

[Euskal Astean parte hartzeko 1500 kilometro egin zituzten, Patagoniatik, Puerto Madryngo Etorritakoengatik euskal etxeko ordezkariek. Bok Espok aurkeztu zuen (argazkia EuskalKultura.com)]

VMko euskal astea Accion Vasca 25

[Uruguaitarrek ere anitz kilometro egin zituzten Villa Mariara iristeko. Talde handi batek hartu zuen parte. Haize Hegoa-ko dantzariek Otxagabia dantzatu zuten (argazkia EuskalKultura.com)]

VMko euskal astea Necochea 27

[Necocheatarren eskutik, Pello Joxepe ikusi ahal izan zen 2013ko Euskal Argentinar Aste Nazionalean (argazkia EuskalKultura.com)]

VMko euskal astea Mar del Plata 28

[Mar del Platako taldeak, euren aldetik, Azkoitia dantzatu zuen (argazkia EuskalKultura.com)]

VMko euskal astea Accion Vasca 29

[Bertara ekarritako koreografia berrienetako bat izan zen Aukeran; aurten Paranako Urrundik euskal argentinar elkarteko dantzariek dantzatu zuten (argazkia EuskalKultura.com)]

VMko euskal astea Rosario 30

[Iazko Euskal Astearen antolatzaileak ere igo ziren oholetara. Rosariotik, Uztai Txiki Dantza (argazkia EuskalKultura.com)]

VMko euskal astea Chascomus 31

[Zingirako Euskaldunak, Chascomuseko euskal etxeak Makil Dantza aurkeztu zuen (argazkia EuskalKultura.com)]

VMko euskal astea Bahia Blanca 32

[Euren bigarren agerraldian, Zuberoako Maskarada dantzatu zuen Bahia Blancako boskoteak (argazkia EuskalKultura.com)]

VMko euskal astea Villa Maria 33

[Ohiturari jarraituz, etxeko dantzariek itxi zuten ikuskizuna. Villa Mariako taldeak Fandango eta Kalejira dantzatuz agurtu zuen publikoa. Kalejira anfiteatroaren erdigunera zabaldu zen euskal etxe partaideetako dantzariek eta publikoak oro har parte har zezaten (argazkia EuskalKultura.com)]

VMko euskal astea Gozategi 34

[Larunbat gaueko emanaldia oso ordu txikiak arte luzatu zen Anfiteatroan, Gozategiren kontzertuarekin. Erromeria, beranduago etorri zen, afalostean, Bomarraca Aretoan (argazkia EuskalKultura.com)]

[Bihar segituko du; biharkoa azken ematealdia]



Komentarioak

  • Benetan izugarria

    Bertatik bertara bizitzea seguru nago berealdikoa behar duela izan, baina azken egun hauetan argitaratu dituzuen artikulu eta argazkien bitartez segitzea ez da txantxetakoa izan. Gora gu euskaldunon diaspora, gora munduan ordezkari eta mezulari ditugun euskaldunak eta eskerrik handiena diasporako anai-arrebei euskaldunoi egiten diguzuen ekarpenarengatik. Bihotza ukitu didazue, berriro ere.

    Ana Aramendia, 2013/11/15 04:36

« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia