Corpus Christi, Argentina. Bihar asteartea, ekainaren 30a, azken eguna du Corpus Christiko Eusko Etxea antolatzaile duen Literatur Lehiaketak bertara originalik aurkezteko. Misiones probintzia argentinarreko Corpus Christiko Eusko Etxetik, Olga Leiciagak adierazi dio EuskalKultura.eus-i joan den larunbatera arte 112 lan aurkeztu direla gaztelaniazko atalera, eta beste hiru euskarazkora. Jatorriari buruz, Euskal Herriaz eta Argentinaz aparte, Espainia, Kuba, Kolonbia, Ekuador, Uruguai, Txile, Peru eta Mexikotik datoz.
Koronabirusagatik sarien ematealdia ez da, ohi bezala, San Inazio egunaren inguruan antolatzen den Kultura Festan gauzatu ahal izango. Honi buruzko xehetasunak, Corpuseko Eusko Etxearen berripapereko hurrengo biletinean emango da. "Hemen, Misionesen, kasu bakarra izan dugu COVID-19arekin, beraz argi dago jbeste leku batzuetatik jendea biltzea ezinezkoa dela eta bilera jendetsuak debekatuta segitzen dute", azaldu du Leiciagak.
Gogoratu EEko Atahualpa Yupanqui Liburutegiak antolatzen duen lehiaketak aurtengoan 'Berrogeialdia' hartu zuela gai gisa, esan nahi baita “Berrogeialdi honetan, zerbait geratu da barruan, norberarekin, eta zerbait kanpoan”. Testuak poesiak, kontaketak edo antzezlanak izan daitezke, gaztelaniaz edo euskaraz idatziak eta ekainaren 30ean, gaueko 12etan, Argentinako ordutegian bidali behar dira relasombroso5@gmail.com helbidera.