euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Ehundik gora kide eta lagunek ospatu zuten Bahia Blancako Union Vasca Euskal Etxearen 117. urteurrena

2016/02/08

Union Vasca Euskal Etxearen 117. urteurren festa urtarrilaren 29an izan zen, etxeko egoitzan
Union Vasca Euskal Etxearen 117. urteurren festa urtarrilaren 29an izan zen, etxeko egoitzan

PUBLIZITATEA

2016. urteko egutegiari hasiera emateko, ‘Pintxo Eguna’ antolatu zuten bahiablancatarrek euren euskal etxearen urtebetetzea ospatzeko. Proposamenak oso harrera ona izan zuen eta 120 lagun bildu ziren etxeko instalazioetan. Jaia girotzeko, Otxote taldeak euskal kanta tipikoenak abestu zituen Buenos Aires probintziako hego-ekialdean dagoen kostaldeko hiri honetan.

Bahia Blanca, Argentina. 117 urte bete ditu Argentinako zaharrenetakoa den Bahia Blancako Euskal Etxeak eta elkarteko kideei ospatzeko arrazoirik ez zaie falta. Izan ere, oso aktiboa da elkartea, kultur proposamen zabala eskaintzen dio bere komunitateari eta lan bikaina egiten du urtero eta urte osoan zehar euskal kulturaren alde.

Urtebetetze jaia urtarrilaren 29an egin zen eta ‘Pintxo Eguna’ antolatu zuten etxekoek familiak eta lagunak biltzeko. Baserri itxurako patio batean, pintxoak eta edariak zerbitzatu zitzaizkien gonbidatuei. Txosna bat ere muntatu zuten, dantzarien ardurapean. Afalostean, taberna abestiak iritsi ziren, Juan Manuel Iriarte zuzendari iaz sortutako etxeko Otxotearen eskutik. Publikoak bat egin zuen abeslariekin eta afalostea luzatu egin zen euskal kantuen erritmora.

Datozen aktibitateak

Otsailean sartuta gaude eta poliki poliki hasten doaz Argentinako euskal etxeak euren urteko ekintzak antolatzen. Union Vascaren kasuan, badauzkate dagoeneko mahai gainean burutu nahi dituzten zenbait ekintza. Aberri Egunerako, bazkari bat egingo dute bahiatarrek; Gernikako Bonbardaketaren urteurrenean, ordea, argazkiak proiektatuko dira euskal etxean 1937ko apirilaren 27an gertatutakoa ahalik eta gehien ezagutarazi ahal izateko.

Euskarari dagokionez, arloko irakasle eta ikasleek komunitateari begirako zine zikloa garatu nahi dute eta emanaldi bakoitzean pintxo-pote bat antolatu. Urtero legez, Eskualdeko Umeen Topaketa eta erromeriak ere egingo dira. Dantza klaseei dagokienez, martxoaren hirugarren astean hasiko dira berriro ere entseguekin Beti Aurrera taldeko neska-mutilak.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia