euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Ehundaka euskal amerikar bildu da asteburuan Urteroko NABO Festaren 30. urteurrenera Renon (I)

2009/07/28

Euskal Kabalkadaren irudia, ibai ondoan, Renoko karriketan (argazkia EuskalKultura.com)
Euskal Kabalkadaren irudia, ibai ondoan, Renoko karriketan (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Renon ohikoa den bero azkarra lagun (ala etsai?), iragan asteburuan hiri nevadatar honetako Wingfield Park-era bildutako jendeak egun goxoa pasatu zuten euskal festaren karietara, giro polita medio eta bederen Kalifornia, Idaho, Utah, Washington, New York, Wyoming, Oregon eta Nevadako estatuetatik --Estatu Batuetan-- eta Kanadako British Columbia eta Quebec probintzietatik etorritako euskal amerikarrek eragindako animazioa ere eragile. Euskal Herritik ere bildu zen Jaurlaritzako ordezkaritza ofiziala, eta baita ere hainbat musikari eta artista, tartean Zabaleta Anaiak trikitilariak, Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoak, Juan Antonio Urbeltz ikertzailea eta Marian Arregi eta Mikel Urbeltz musikariak, Ane Albisu eta Fernando Aristizabal dantzariak, 'Zapeiz Mukaki' musika taldea, Guillermo Zubiaga komikilaria eta beste batzuk, bakoitzak bere arlotik, Estatu Batu osotik etorritako lagunekin batera guztien artean euskal festa eder bat osatu arte.

Reno, Nevada, AEB. 'Gure kultura biziarazten, katea ez da eten', euskaraz, eta Forging new links in our ancestral chain (Katebegi berriak sortzen geure arbasoengandiko katean), ingelesez, izan dira joan den asteburuan Renon egin den Urteroko NABO Festa eta Biltzar Nagusiak aurtengorako hautatutako esloganak. Ehundaka izan dira nazioko bazter guztietatik euren euskaltasuna eta arbasoengandik hartutako ohitura, tradizio eta nortasun sentimentuak mantendu eta biziberritzera etorritako euskal-amerikarrak, urte osoan bakoitza bere euskal etxean edo bere bizitokian landu edo gorde ondoren, hona lagunekin partekatzeko eta denborarekin euskal-amerikar egitate eta errealitatea bilakatu den fenomeno hori aberasteko bilduak.

Lehenago aipatutako estatuetako dantza talde eta jendeak, baina tartean baita urtean zehar euskal komunitatean aktiboak ez diren euskaldunak ere batu dira Renoko Wingfield uhartera, Reno zeharkatzen duen ibaiaren erdian egonik, hiriaren erdigunean bertan eta kasinoen barruti nagusitik metro batzuetara bakarrik dagoen toki ederrera, berdeguneak, anfiteatro bat eta bainatu nahi duenarentzat ere eremu egokiak dituen parke hautura. Festako euskal partaideez gain, euskaldunen lagunak ere bildu dira, nevadatar askorentzat euskaldunen festak eta elkarretaratzeak eurenak ere baitira, ia estatua sortu zenetik baitabiltza euskaldunak hemen. Eta ez prezisamente Reno Donostiarekin senidetutako hiria delako, izan ere aktibitate handirik gabeko harreman ofiziala baita bi hirien artekoa.

Artikulu honetan Wingfield Park-en egindako Renoko festako gailur batzuk edo momentu hautu batzuk baizik ez ditugu islatuko, datozen egunetan beste kokapen batzuetan egindako festa bereko xehetasunak ekarriko baititugu. Hemen kick off edo abiatzea/hasiera esaten dena, larunbat goizean egin zen, hamarretatik hasita, eta formula original eta interesgarri batez, Renoko euskal festako antolatzaileak --Kate Camino, arnegitar eta luzaidar arraza edo kastakoa bera, buru--, bereziki Nafarroa Behereko herri askotan festak hasteko tradizioa den Kabalkada antolatu baitzuten. Dantza bereziak ikasteko, pausoak interneten, NABOren webgunean, ipini zituzten, dantza talde guztiek ikasteko aukera izan zezaten.

2009 reno convention ezti camino


[Kabalkadako irudia. Erdian, irriz, Ezti Camino dantzari renotarra (argazkia EuskalKultura.com)]

Eta zorionak eman behar zaizkie ideiagatik. Polito atera zen. Kabalkadak --ezagutzen ez dutenentzat, desfile moduko bat da, dantza berezi batzuk dantzatuz hainbat herritako festa garaian herriko karrikak ibiliz egiten dena-- bildutako publikoaren txaloak erdietsi zituen, eta bukaerako plaza biribilean ikuskizun polita eskaini zuen. Lehen urtea izanik, seguru berriz egiten delarik hobetu eta sendotuko dela. Aritu ziren dantza taldeen artean, Kaliforniako San Francisco, Los Banos eta Chino, eta San Frantziskoko klika; Salt Lake Cityko (Utah) eta Buffaloko (Wyoming) taldeak; eta Reno bertakoak, Zazpiak Bat Euskal Etxekoa eta Zenbat Gara Dantzari Taldea, azken honek aurten bere 20. urteurrena betetzen duela, Lisa eta Enrike Corcostegui senar-emazteen gidaritzapean.

Marylou Etcheberry

[Renoko Marylou Etcheberry diseinatzaile gaztea, hasi berria euskal diseinu eta artea ekoizten duen bere enpresarekin. Joan den larunbatean gauzatu zuen bere lehenengo salmenta publikoa aire librean (argazkia EuskalKultura.com)]

Kabalkadaren ondotik, publikoa zein partaideak Wingfield Park erdigunera mugitu ziren, postuak eta stand-ak egon ohi diren tokira. Bertan, opari, eskulan eta elastiko artean, saltokia ipinia zeukaten, esaterako, Boiseko Ahizpak diseinu estudio eta enpresako Izar eta Maite ahizpak; eta, lehen aldiz, honelako gauzetan asteburu honetan lehenengo pausoa ematen ari zen Marilou Etcheberry emakume gazte renotarra. Gainerako postuetan, gai euskalduneko liburu ingelesak saltzen dituen Nevada University Press eta bertako Sara Velez Mallea, Joxe Mallea-Olaetxe euskaldunaren emaztea; eta Etcheverry Imports eta beste zenbait saltoki euskal souvenir, janari, liburu, disko, elastiko, ikurriña eta abarrekin.

[BIHAR SEGITUKO]



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia