euskal diaspora eta kultura
2012/09/21
PUBLIZITATEA
Iruñea-Pamplona. Egun elkarte bilakatu den 'Euskal Artzainak Ameriketan' taldea bilkura honen ingurua sortu zen, izan ere Estatu Batuetarako artzain izateko emigrazioak hainbat euskalduni --modu berezian bi aldeetako nafarrei, gizabanakoei zein eskualdeei-- egin zien ekarria ikustarazi eta gizarte osoaren aurrean plazaratu nahian. Nabarmendu nahi dute, eta desezagutzen dutenen aurrean ezagutarazi, XX. mendean Euskal Herriko hainbat herri mutiko gaztez hustu zituen eta egoera ekonomikoa ahula zenean bertara hainbat dolar eta aurrerabidea eta sostengua ekarri zituen fenomenoak, gazte-belaunaldien eta familia eta bailara osoen sakrifizioa tarteko, garrantzitsua izan zela gure historian, eta errekonozimendua eskatzen duela, hasteko ezagutua izatearena. Helburu horiekin, urrats bat gehiago izan da elkarretaratzea lehenengoz hiriburu nafarrean egin izana, Nafarroako Gobernua partaide.
Ekitaldiak iragan larunbateko goizeko hamar t'erdietan hasi ziren, Ander Gillegi Leitzako apezak euskaraz eta gaztelaniaz eman zuen mezarekin, Iruñeko San Nikolas eliza jendez mukurru, asko zutik, eta guztiak eguneko ezaugarri zen zapia lepoan. Apezak ere lepoan ezarri zuen mezako hondar-hondarreko momentuan. Meza edertuz, Orbela Otxotea eta Bankatik etorritako 'Benkako Menditarrak' kantariak aritu ziren, gizon koralak biak.
Ondotik, Zidatelako Arma Aretoan hilabete hasieratik Ameriketako euskal artzainen irudiez zabalik zegoen erakusketa testuinguru, aurkezpena egin zen, antolatzaileen eta laguntzaile eta babesleen ordezkarien eskutik. Kantu herrikoiak ere --asko Ameriketan ere bizi-bizirik direnak bertako euskal komunitateetan-- izan zuten euren lekua, kantari bankarren eskutik, eta hamaiketakoa ere bertan egin zen. Geroago, Iturrama Eskola Publikoko frontoian egin zen herri-bazkarian, Ameriketatik ekarritako highball-a edateko ohiturari ez zitzaion muzin egin, izan ere --aurreko urteetan bezala-- bilkurako oroigarri gisa banatu zen metalezko katiluan zerbitzatua, hori ere Ameriketan artzainek erabiltzen zutena gogoan.
Bazkariak 600 partaide bildu zituen, gehienak gizonak eta baita euren emazte eta familiako batzuk ere, Nafarroako iparraldeko eta Nafarroa Behereko hainbat herrietatik etorriak, antolatzaileek propio ezarritako autobusetan. Egunean zehar, bertaratu ezin izan zutenak ere atxiki ziren gogoan, hala nola Josu Goldaraz, Ultzamakoa, Berako Maria Dolores Leonis; edo Kepa Mallea Olaetxe, iaz Santutxun (Bilbao) burua galdutako batek labainkada bat hil zuen artzain amerikanoen laguna.
Urtero bezala, bildu zen baita ere jenderik Ameriketatik bisitan, horietarik bat Elkoko Bernando Yanci lesakarra, soinujolea, bazkari garaian pieza batzuk jo zituena bere iloba Laura Igantzik aurkeztuta. Laurarekin batera, 'Euskal Artzainak Ameriketan' elkarteko kide eta laguntzaileak ez ziren gelditu, Josephine Etcheverry, Xanti Alzuguren, Felix Almirantearena eta beste hainbat tartean.
Frontoiko saioa bukatu baino pixkat lehenago omendlai txiki bat egin zitzaien 86 urteko Santiago Prestori, Errokoa bera; Erroko Adriana Marmaon-i, honi ere emandako laguntza guztiarengatik; eta Auritz-ko Miriam Almirantearenari, Ameriketan artzain ibilitakoen argazkiak eta materiala biltzen, gordetzen eta zabaltzen eskainitako laguntza handiagatik.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus