euskal diaspora eta kultura
2010/05/06
PUBLIZITATEA
Zizurkil, Gipuzkoa. Gaur arratsaldeko zortzietan Zizurkilgo Hernandorena Kultur Talde antolatzailearen eskutik 'Pello Mari Otañoren arnasa' liburua aurkeztuta, bihar izango da Euskal Herriak --eta hara kointzidentzia, Euskal Herri barruan, Diasporari arras lotua-- izan duen bertsolari gailen eta ikur honen heriotzaren mendeurreneko ekitaldi nagusia, bertsolari zizurkildarra Argentinako Rosarion 1910eko maiatzaren 7an hil zen egunarekin bateginez.
Dagoeneko Euskal Herrian daude Ameriketatik ekitaldiotara bereziki gonbidatuta iritsi diren Otañoren bi biloba, Mexikotik etorria den Amelia Otaño eta Argentinatik bart ailegatu zen Susana Ardanaz Otaño, Txuri, Hondarribirra zekarren hegaldia bertan behera utzia izan ondoren azkenean Loiura arribatu zena, egun luze baten ondoren, berarentzat, eta ekitaldi guztiak gogo eta ilusio handiz prestatu dituzten Zizurkilgo Hernandorena Kultur Taldeko kideentzat.
Diskoa grabatu da eta erakusketa hasi
Talde horretako langile fin den Joxin Azkuek --bere alaba Maialen Azkue La Platako UNLP Unibertsitateko Euskara eta Euskal Kultura lektoregoko arduradun ari da urtebetez-- EuskalKultura.com-i baieztatu dionez, gauzak ongi doaz gaurko eta biharko aurkezpen eta ekitaldi nagusiei begira, apirilean hasitako beroketa ekimenei segida emanez. Izan ere, apirilaren 16an, bertso saio bat egin zen Elbarrenako Atxulondo Kultur Etxean Xabier Amuriza eta Anjel Mari Peñagarikano partaide, Pello Mariren bertso zaharrak kontatu eta kantatuz, eta ekitaldia disko bat ekoizteko grabatu zen.
Joan den astelehenetik hasita, ostera, eta hilaren 16a bitartean, Argentinan eman den euskal diasporari buruzko erakusketa-panelak egongo dira ikusgai Zizurkilen, Atxulondoko Kultur Etxean lehenik eta Iriarte etxean gero.
Gaurtik aurrera, berriz, hona Pello Mari Otañoren heriotzaren mendeurreneko egitarauak emango duena, Euskal Herrian zein Argentinan eginiko ekitaldietan:
EGITARAUA
-Maiatzaren 6a, osteguna, 20:00: Hernandorena Kultur Taldeak “Pello Mari Otañoren arnasa” liburuaren aurkezpena egingo du Atxulondoko Kultur Etxean.
-Maiatzaren 7a, ostirala / 19:00: Udal Pleno Berezia: Pello Mari Otaño Herriko Seme Kuttun izendatuko da. Ondoren, 20:00etan Pello Mari Otañori omenaldia herriko plazan, bere irudiaren aurrean. Mendeurrena gogoratuko duen plaka erakutsiko da. Hitz batzuek, aurreskua, lore-eskaintza, bertsoren bat, kantu-jirakoek pare bat kantu… Eta segidan, 21:00etan, Herri afaria Intxaur pilotalekuan. Afariaren amaieran, Jexus Mari Irazu eta Sebastian Lizasoren ekitaldi laburra. Ondoren, Eñaut Agirrek kontatu eta kantatuko digu ordu betez Pello Mari Otañoren bizitza eta bertsogintza.
-Maiatzaren 9a, igandea / 10:30: Otañorekin zer ikusia izan duten etxeetan zeharreko pare bat orduko ibilaldi lasaia: Plaza, Adunibar, Errekalde, Karidadeko Benta, Belen, Izagirre, Iragorri, Plaza. Bakoitzaren atarian etxearen historia kontatu eta dagokion bertso bana kantatuko dira.
-Maiatzaren 12a, asteazkena / 19:30: Pello Mari Otañoren obra literarioari buruzko mahai ingurua Atxulondo Kultur Etxean: Pello Esnal eta Euskitzeren eskutik, “Bat bitan banatzen da” saioa.
-Maiatzaren 15a, larunbata, 19:00: Bertso jaialdi handia: Euskal Herriak Pello Mari Otañori egiten dion omenaldia. Amuriza eta Peñagarikano aurkezle eta koordinatzaile lanetan + Unai Iturriaga, Jon Maia, Amets Arzallus, Aitor Mendiluze, Amaia Agirre eta Uxue Alberdi bertsotan.
-Maiatzaren 20a, osteguna / 15:00: Herriko hiru ikastetxeen ikasleak batera Intxaur frontoian bilduta Otañoren bertsoak kantari, ipuin kontalariaren laguntzaz
-Ekainaren 18a, 16:00etan: Omenaldi-ekitaldia Otañoren hilobiaren aurrean, La Platako kanposantuan. Aurreskua, lore-eskaintza...
-Ekainaren 18a, 18:00etan: Cesar Arrondo irakaslearen eskutik, hitzaldia - mahai ingurua La Platako Unibertsitatean.
-Ekainaren 18a, 21:00etan: Euskal giroko afaria.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus