euskal diaspora eta kultura
2011/11/08
PUBLIZITATEA
Rosario, Argentina. Lagun anitz bildu ziren pasa den urriaren 15ean Rosarioko euskal etxeko areto nagusian. Aralarko Mikel Deuna ospatu zuten Santa Fe probintziako hiri honetan, Dantzari eta Dantzari ohien topaketa batekin. Claudio Esnal batzordekideari tokatu zitzaion ongietorri hitzak ematea eta hala egin zuen era hunkigarri batean. Txalo beroak jaso zituen Esnal-ek eta txaloak ez ziren egiazki isildu gau osoan zehar. Izan ere, dantzariek – betikoek eta gaurkoek – agertokia bereganatu zuten publikoaren 'euskal izpiritua' piztuz.
“Begi bistan geratu da dantzariak betiko direla dantzari. Duela gutxi arte dantza taldean ibilitakoak gaur egungoekin bildu ziren eta pasadizo batzuk gogoratzeaz gain ohiko Fandango, Ipurdi dantza, Ezpata dantza, Arku danza eta Zuberoako maskarada egin zituzten. Eta nola ez, txikiek ere hartu zuten parte topaketan. Eta eurekin batera, euren gurasoak”, azaldu diote euskal etxeko arduradunek EuskalKultura.com-i.
Elkarretaratzearekin bukatzeko, Enrique Otaño lehendakariak eskerrak eman zizkion bildutako jendeari “bereziki oraindik gazte diren dantzariei, oso une alaiak partekatu bainituen eurekin”.
Koru Topaketa
Euskal kulturarekin jarraitzeko, euskal etxeko Lagun Artean abesbatzak Koru Topaketa batean hartu zuen parte urriaren 22an. Carlos Gantuz zuzendari, Zazpirak Bat-eko kantariak Rosarioko Club Policial-eko abeslariekin aurkeztu ziren. “Publikoaren harrera onak gero eta hobeak izatera animatzen ditu. Gu ohituta gaude jadanik hau bezalako kalitate handiko ikuskizunez gozatzera. Euskal etxetik zoriondu eta eskerrak eman nahi dizkiegu bi taldeei”, adierazi dute Zazpirak Bat-etik.
Euskadirako bidaiaren balantzea
Bukatzeko, Zazpirak Bat euskal etxetik jakinarazi dute "probetxugarria" izan zela oso erakundeko ordezkaritza batek Euskadira egindako bidaia. Enrique Otaño euskal etxeko lehendakaria, Nelida Apesteguia idazkaria, eta Felipe Eiheragibel eta Luis Maria Barrandeguy batzordekideek osatutako taldea Euskadiko kultur, kirol eta politika arloetako erreferenteekin bildu zen Europako egonaldian. Horretaz aparte, hainbat elkarrizketa eman zituzten rosariotarrek telebista, irrati eta egunkarietan.
Euskadiko lagunei euskal etxearen ehun urteko bidean bizi izandakoa adieraztea eta datozen urteei begirako proiektuak zeintzuk diren azaltzea helburu zuen bidaia "oso arrakastatsua" izan zela jakinarazi Zazpirak Bat-eko arduradunek.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus