euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Ehun pertsonatik gora erakarri zituen Juantxo Viguria baztandarrari Mexiko DFko Euskal Etxean egin omenaldiak

2010/06/03

Juantxo Viguriaren presentzia, bere pianoa medio, bere piezak, bere insignia, bere lagunen atxikimendu eta maitasuna medio... somatu ahal izan zen Mexiko DFko Euskal Etxeko ekitaldian (argazkia Maricarmen Arrechea)
Juantxo Viguriaren presentzia, bere pianoa medio, bere piezak, bere insignia, bere lagunen atxikimendu eta maitasuna medio... somatu ahal izan zen Mexiko DFko Euskal Etxeko ekitaldian (argazkia Maricarmen Arrechea)

PUBLIZITATEA

Joan den larunbatean, maiatzaren 29an, omenaldia egin zioten bere lagun eta adiskideek Mexiko DFko Euskal Etxean iragan martxoaren 3an hiriburu mexikarrean hil zen Juantxo Viguria Iribarren musikari elizondarrari. Lekarozen aita Donostiaren ikasle izan zen pianojole eta musikaria zendu zen egunean bertan bere emazte Eva Aguilar-ek eta zenbait lagunek omen ekitaldia antolatzea pentsatu zuten, merezi zuen gisako azken-agurra egitearren. Ehundik gora izan dira hitzordura hurbildutakoak, musika, adiskidantza eta omenduarekiko konplizitatea ezaugarri izan dituen maitasun agerraldian. Maite izango zuen Juantxok, doaike.

Mexiko Hiriburua, Mexiko. Ekitaldia Euskal Etxeko Zuzendaritzako Maricarmen Arrecheak eta Miguel Larregui lehendakariak eginiko hitzekin abiatu zen, segidan bideo bati bide eman zitzaiolarik Juantxoren bizitzaren pasarteak pantailara ekarririk. Haren hautzaroa, gazte-denbora, heldu-aroa eta azkeneko urteak agertu ziren, audio gisa musikariak berak grabatu eta pianoan jotako aireak lagun, guztiak "proiekzioa ,oroitzapenerako bide bikain eta alaia" bilakatu zutelarik, antolatzaileen asmoari jarraiki.

Ondoren Thusnelda Nieto irakasleari eta bere ikasle Cynthia Sanchez, Liliana Aguilasocho, Zayra Ruiz eta Jorge Eleazar Alvarez-en txanda heldu zen, Iván López Reynoso pianoan lagun Juantxoren gustuko piezak eskaintzeko. Esan beharra dago hau guztia Juantxok erabili ohi zuen pianoa erabiliz eta musikari baztandarrak Elizondoko koralean kantatzen zuen garaiko insignia bertan egin zela. Gauzak honela, esan daiteke omenduaren presentzia izpirituzkoa ezezik fisikoa ere izan zela nolabait. Objektu hauek bertan egoteak askoz hunkigarriago bilakatu zuten ekitaldia, bertaratutakoen artetik zenbaitek adierazi zutenez.

Thusnelda irakaslearen ikasleen emanaldia bururatuta, Jose Isidoro Ramos gitarrajolea izan zen Juantxoren gustuko piezak jo zituena, horien artean oso berezi bat, Juantxok hagitz maite zuen eta pianoan era gogoangarriak jotzen zuen aita Donostiaren 'Oinazez'.

Hori eta gero tarte bat hartu zuen Olga Palmero idazleak zenbait idazki eta Juantxori bere lagun batzuek eskainitako olerki bat irakurtzeko. Irakurri zuen baita ere Juantxok bere idazmahaiaren gainean utzi zuen poema, honelaxe dioena, jatorrizko gaztelaniaz:

A salvo en casa

Al fin en casa, en el cielo:
Tan feliz y tan radiante;
En esta eterna luz
Existe una perfecta alegría y belleza.

 Todo dolor y aflicción se han ido,
Ha pasado toda inquietante sacudida;
Estoy ahora en paz para siempre,
A salvo en casa, en el cielo

[Etxean salbu: Azkenean etxean, zeruan,/ hain pozik eta dizkiratsu;/ betirako argi honetan/ bozkario eta edertasun perfektua daude./ Minak eta oinazeak oro joan dira,/ dardara kezkatu guztiak joan egin dira;/Bakean naiz orain betirako,/ etxean salbu, zeruan.]

Ekitaldia ixten hasteko, bere emazte Evak urrezko amaiera ipini zion Juantxori eskainitako testu bat irakurriz, "Juantxo Viguriak gero arte diosku" izenburupean, lortu zuelarik gainera bertaratutakoak hunkitu eta esku-zarta handi eta bilkor batean lehertzea. Ondotik ohorezko ardo bat zerbitzatu zen eta horrek aukera eman zuen Juantxoren lagunak elkarrekin solasean aritu eta lagun zenduari buruzko pasarte eta oroitzapenak partekatzeko, guztien ahoan gustu ona utziz.

-Berri gehiago Maricarmen Arrechearen Dina Leku Facebook-en



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia