euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Ehun lagundik gora bildu ziren igandean Arrosan 2012ko 'Amerikanuak Lunch' bazkarira

2012/10/09

Jean Luis Oçafrain, Gratien Oçafrain eta Michel Duhalde (argazkia Pedro J. Oiarzabal)
Jean Luis Oçafrain, Gratien Oçafrain eta Michel Duhalde (argazkia Pedro J. Oiarzabal)

PUBLIZITATEA

Iragan igandean Amerikanoen urteroko bazkariaren edizio berri bat egin zen, oraingoan Nafarroa Beherako Arrosa herrian. Ehun lagundik gora bildu ziren bertara; batzuk AEBetan lan egin ostean Euskal Herrira itzuli diren euskaldunak, eta beste zenbait bisitan etorri ziren euskal-amerikarrak. Bertan izan zen ere Ainara Puerta Larrañaga historialaria eta berak idatzi du jarraian argitaratzen dugun kronika. Puerta euskal emigrazioa eta emigranteen itzulerari buruzko lana egiten ari da (e-Etorkinak), Deustuko Unibertsitateko Pedro J. Oiarzabal eta Nerea Mujika zuzendari [kronika EuskalKultura.com-ek euskaratua].

Ainara Puerta Larrañaga/Arrosa, Nafarroa Beherea. Arrosako etxe zuri-gorriek egin zieten ongi etorria iragan igandean AEBetara joan ziren euskaldunen topaketara bildu ziren lagunei. Duela zenbait urte sortu zen topaketa hau egiteko ohitura, eta harrezkero urriaren lehen asteburua gorriz markatuta dute egutegian Oestera joan ziren euskaldun askok eta baita euren senitartekoek ere.

Igandean, goizeko hamaikak aldera, partehartzaile goiztiarrenak hasi ziren inguratzen Eskualduna Chez Katina hotel ikusgarrira. Aperitifa zerbitzatu zen bertan, eta amerikanoek elkar agurtu eta azken berriak eta pasadizoak kontatzeko baliatu zuten tartea. Orduan ezagutu genituen San Frantziskoko Basque Club of California elkarteko aurreneko zuzendaritza osatu zuten bi lagun, AEBetako euskal etxe aitzindarietako honen historia idazten hasi zirenak: Michel Duhalde (1958 eta 1972 bitartean San Frantziskon bizi izan zen) eta Gratien Oçafrain (1953tik 1975ra AEBetan). Duhalde elkarteko lehendabiziko diruzaina izan zen eta Gratien zuzendaritzako kidea.

Oçafrain neba-arrebak (hamabi!)

Oçafrain neba-arreben istorio bitxiaren berri izan genuen. Nafarroa Behereko Banka herrikoak dira hamabi neba-arreba hauek --lau neska eta zortzi mutil-- eta Dominiquek zazpi anaiek AEBetara emigratu behar izan zutela azaldu zigun. Gehienak bueltatu egin ziren, baina anaia batek, Jean Leonek, Atlantikoaz bestalde jarraitzen du.

Jean Louis Oçafrainek kontatu zigun berak duela 34 urte erabaki zuela Bankara itzultzea, bost urtez artzain ibili ostean --1.500-2.000 ardiko artaldeekin-- eta beste 18 urtez Kalifornian Jean Leon anaiarekin baratzagile edo lorezain lanean aritu eta gero. “Gure sustraiak hemen dira”, esan zuen Duhaldek, 14 urtez San Frantziskon bizi eta gero Euskal Herrira bueltan zerk ekarri zuen azaltzeko.

2012 Amerikanoak Arrosa (1)

[Michel Duhalde, Jean Leon Etcharren eta Jean Luis Oçafrain (argazkia APuerta)]

Gonbidatuen artean zeuden ere Jean Leon Etcharren, Pierre Etcharren erregaitzaren anaia (Pierre North American Basque Organizations AEBetako euskal etxeen federazioko presidente izan zen); Albert Dutaret, San Frantziskoko Basque Club-eko Zazpiak Bat Klikaren zuzendaria 1969 eta 1976 bitartean; Aita Jean Pierre Cachenaut, AEBetako euskaldunen apaiza 1977tik 1986ra; Uharte-Garaziko Sebastien Gomis, jaio eta urtebetera familiarekin San Frantziskora joan zena (handik hamabi urtera bueltatu zen); eta Benoit Etcheverry, 8 Probintziak elkarteko sortzaile eta sustatzailea.

119 lagun

Bazkaria Michelle Marticorenaren agurrarekin hasi zen eta, berak proposatuta, bazkarira bildu ziren 119 lagunak zutitu eta “Agur Jaunak” abestu zuten. Kanta zirraragarriaren ostean zerbitzatu zen bazkaria; menua honakoa izan zen: barazki zopa, arraina eta haragia, eta amaitzeko fruta esnegainarekin eta txokolate tarta goxoa. Ezinbestean, hainbeste artzain bildu ziren lekuan, gazta eta irasagar postrea ere zerbitzatu zen, eta zintzurra bustitzeko, etxeko ardoa.

Partehartzaileen artean baziren Iparraldeko hainbat herrietatik etorritako lagunak (batez ere baxenabartarrak) eta baita egun AEBetan bizi diren euskaldun asko ere. Azken hauetakoak ziren gure mahaian tokatu ziren San Frantziskoko Christine Elicagaray eta Dominic Etcheverry eta Marie-Claire (Naciette) Etcheverry senar-emazteak.

Dominic bilerako pertsonarik helduena zen ziurrenik (82 urte ditu) eta 22 urterekin Atlantikoa igaro zueneko istorioa kontatu zigun. Egun Nevadako Sparks herrian bizi da, eta bertan bizi du Edward semea ere. Bere alaba, Linda Etcheverry-Lacourrege, Baigorrin bizi da eta Dominic urtero etortzen da bera ikustera. Linda ere bazkarian izan zen. Dominic-en parean bere lagun Gratien Birigain eseri zen; orain dela zenbait hamarkada ezagutu zuten elkar San Frantziskon, eta Gratienek dantzarako sasoi bikaina erakutsi zuen.

Kantuan eta dantzan

Musikak alaitu zuen bazkalondoa eta musikari bikoteak euskal kanta oso ezagunekin girotu zuen arratsaldea: “Nevadara joan nintzen”, “Urepeleko artzaina” eta “Hegoak ebaki banizkio”, besteak beste. Jendea dantzan jartzea ere lortu zuten cha-cha-chá eta fandangoekin. “Boga, boga” izan zen eguneko abestirik sonatuenetakoa, partehartzaileek ahozapiak airean inarrosiz kantatu zuten eta. 

2012 Amerikanoak Arrosa (3)

[Bazkariko giroa bikaina izan zen (argazkia Pedro J. Oiarzabal)]

“Erdizka lauetan” kantuaren lehen doinuak entzun eta berehala, talde handi bat dantzan hasi zen eta koloreko mantaldun zerbitzariek ere bat egin zuten eurekin. Irrintzirik ere ez zen falta izan dantzaldian. Beste batzuk, aldiz, nahiago izan zuten musean jokatu edo solasean udazkeneko arrats ederraz gozatu.

Egunari bukaera emateko Henriette Erdozaincy Ahado antolatzaileak eskerrak eman zizkien bazkarira bildu ziren lagun guztiei eta datorren urteko hitzordua urriaren 6ean izango dela gogoratu zuen. Alta, ez zuen datorren urteko bileraren lekua zein izango den esan nahi izan eta irribartsu, 2013ko egoitzaren sekretua gorde egin zuen.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia