euskal diaspora eta kultura
2009/07/02
PUBLIZITATEA
Chino, Kalifornia, AEB. Hemen egiten duten gauzarik garrantzitsuena ongi pasatzea baita. Ongi pasatzea, baina euskal kultura eta euskal giroa makulu eta testuinguru izanik. Hemen egingo dituzten lagun 'euskaldunak' eta hemen ikasiko dituzten gauzetako asko inportanteak izango dira euren bizitzetan, eta seguru aurten Kaliforniako Chinora Udalekuren 2009ko ediziora etorri diren ehun haurren artean, batzuk euskal komunitateko buruzagi izango direla urte batzuren buruan; eta beste batzuk euskararen bidea hartuko dutela; eta hemen zabaldutako euskal goseak geroago Euskal Herrira bidaiatu eta egun euren gurasoena edo aiton-amonena den kultura eta jatorria eurena bilakatzen lagun izango dutela.
[Udalekuko haurrak Chinoko 'Fair Grounds' lekuan, Chino bertako Noka euskal kantu taldeko kideen azalpenak entzuten]
'Udaleku' du izena --ingelesez ere-- NABOren udako euskal barnetegi moduko honek, eta arrakastaz eman ditu joan den astelehenetik hasita bere lehenengo pausoak Kaliforniako Chino herrian, bertako Chino Basque Club-en eskutik. Aurten, gainera, Argentinako FEVAko gonbidatuak ere baditu eta, hainbeste haurren kargu egiteko, Euskal Herritik ere indar berri eta gazteak ekarri dira. Oraingo edizioan, gainera, haurrek blog bat hasiko dute datozen egunetan (oraindik zabalik ez badago ere, hauxe du helbidea: http://udaleku2009.blogspot.com).
[Udalekuko kideak joan den asteartean Balboa Beach hondartzan, ikurriña eta guzti, ez galtzeko]
Egiari zor, NABOren eta Ipar Ameriketako euskal etxeen kide eta jende iturria da Udaleku. Estatu Batuetan jaioak izanik euren burua, 'euskaldun' --euskaldun eta amerikar-- identifikatzen duten gurasoek ez dute beti asmatzen euren seme-alabei sentimentu bera pasatzen. Astero euskal etxera eramatea, euskal dantzak egin ditzaten edo euskararekin familiartu daitezen ez da beti aski, eta kasu batzuetan, soilik, ikasten dituzten gauza horiek sozializatzeko balioa dutela konturatzen direnean, ikusten dutenean posible dela horiekin gozatzea eta lagun berriak egitea koordenada horietan, orduan hasten dira balioa ematen eta gosetzen euren euskal alderdiaz, eurena egiten familia aldetik etorri zaien herentzia hori.
Jolasak eta sei ordu klase egunero
Euskal etxe txikietan gerta daitezkeen honelako gauza batzuk hemen bestelakotzen dira. Hau udaleku bat baita eta aurretik aski ozen esan ez badugu ere, hau ongi pasatzeko eta lagunak egiteko tokia baita. Are gehiago aurten, ehun haur partaide (normalean hurbilago dago berrogeita hamarretik). Dagoeneko asteartean hondartzara joan ziren --Balboa Beach-- eta udalekua amaitutakoan, besteak beste, berriz ere hondartzara, bolo amerikarretara jokatzera edota Disneyland-era joango dira. Piknikak egingo dituzte, euskal festetan parte hartuko. Aldi berean, ordea, eta opor giroan baita ere, euskal ohiturak, euskara, euskal dantzak, txistua eta kantua praktikatuko dituzte... Aurten sei ordu klase dira egunero, lau goizez eta beste bi arratsaldez, eta haurrek zurrupatu eta azkar ikasten dute. Dantza arloan edo txistuan, bi astetako aurrerapenak izugarriak izan ohi dira. Baina segituko dugu datorren astean hitz egiten.
Lotura interesgarriak
Chinoko Euskal Etxea
www.chinobasqueclub.us
NABO webgunea
www.nabasque.org
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus