euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

EHUko udako ikastaroen barruan lehen aldiz euskal dantzak eskainiko dituzte, Jon Maya dantzariak gidatuta

2008/04/30

Jon Maya dantzari eta irakasleak hartuko du euskal dantzen ikastaroaren ardura (argazkia Kukai)
Jon Maya dantzari eta irakasleak hartuko du euskal dantzen ikastaroaren ardura (argazkia Kukai)

PUBLIZITATEA

Euskal dantzei buruzko zikloa Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) Bilbao Arte eta Kultura izeneko udako ikastaroen aurtengo berritasunetako bat izango da. Jon Maya Errenteriako dantzari eta irakasleak gidatuko du Bilboko Euskalduna Jauregian ekainaren 30etik uztailaren 2ra bitartean iraungo duen ikastaroa. Kataluniako dantza tradizionalek ere lekua izango dute bertan, Joan Serraren eskutik. 2008ko udako ikastaroetan egin ahal izango diren beste ziklo batzuk honakoak dira: euskal nobelaren moldaketak zine munduan eta zine ziklo berezia, EHUn ikasketak egin dituzten Koldo Serra, Borja Cobeaga eta Nacho Vigalondomeuskal zuzendari gazteen eskutik.
Jon Maya Errenteriako Kukai Dantza Konpainiako dantzari eta irakasleak gidatutako euskal dantza tradizionalei buruzko ikastaro berriak hiru mintegi edukiko ditu. Lehenengoan, 'Gure iturriak ezagutzen', Kepa Artetxek, Larraitz Artetxek eta Sabin Bikandik Bizkaiko Jota Zarraren garapenari buruzko ikerketa azalduko dute. Ikastaroa azalpen teoriko txiki batekin hasiko da, eta ondoren praktikara bideratuko da.

'Tradiziotik abiatutako sormena' deritzon bigarren mintegia Juan Antonio Urbeltz antropologoaren esku egongo da. 40 urteko ikerketa bidea egin du Urbeltzek, eta azken urteetan Argia dantza taldearekin tradizioan oinarritutako bere sorkuntza lana aurkeztuko du: bere esperientzia, bere sormenaren zergatia...

Katalunia, lurralde gonbidatua

'Atzerriko ereduak ezagutzen' mintegiak beste dantza tradizional ereduen garapena ezagutzen lagunduko die parte hartzaile guztiei. Aurtengo lurralde gonbidatua Katalunia izango da. Hitzaldi eta praktika sesio batekin, Joan Serra honako arlo hauetaz mintzatuko da: Katalunian nola txertatzen duten dantza tradizionala derrigorrezko hezkuntzan, nola antolatu duten posgrado bat Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan, nola antolatzen dituzten Udako Ikastaroak urtero...

Euskal dantza tradizionaletan izena emateko epea astelehenean hasten da eta ekainaren 13ra bitartean egongo da irekita. Partaide kopurua 20 pertsonetakoa da eta matrikularen prezioa 10 eurokoa ikasle eta langabezian dauden pertsonentzat, eta 15 eurokoa bi mintegietan izena emanez gero. Hirugarren mintegia doanekoa da. Beste pertsona guztiek, ordea, 20 euro ordaindu beharko dute mintegi bakoitzeko edo 30 euro bi mintegietan izena emanez gero.

'Euskal nobela eta zinema'

Mintegi honen helburua zinemak egin dituen euskal nobelen moldaketa aztertzea da. Horretarako, arlo honetan egile izan diren zinema zuzendariek parte hartuko dute eta literatura eta zinemaren arteko zubiez aritutako zenbait ikerlarik moldaketak aztertuko dituzte. Aitzol Aramaio zuzendaria edota Unai Elorriaga idazlea izango dira, besteak beste, mintegi honetan. Gaur bertan estreinatuko da Euskal Herriko zineetan 'Un poco de chocolate' filmea, Elorriagaren 'S.P.-rako tranbia' elaberriaren zinemarako moldapena.

Bestalde, komiki munduaren inguruko ikastaroak istorio bat sortzeko eman behar diren pausu guztiak aztertuko ditu, pertsona bati ideia bat bururatzen zaionetik komikia argitaratu egiten den arte, gidoia prestatzea eta grafikoki adieraztea barne. Zine mintegiari dagokionez, EHUn ikasle izandako zenbait zuzendarik parte hartuko dute ikastaroan, hala nola, Koldo Serra, Borja Cobeaga edota Nacho Vigalondo.


Lotura interesgarriak

Udako ikastaroei buruzko informazio gehiago
UPV-EHUko webgunean

'SPrako tranbia' nobelan oinarrituta filmaren estreinaldia Euskal Herrian
2008ko apirilaren 29an EuskalKultura.com-en argitara emana


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia