euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal Herriko Unibertsitateak 45 ikasgaien material didaktikoa jarriko du eskuragai doan interneten

2008/09/23

EHUko Campus Birtualeko webgunea
EHUko Campus Birtualeko webgunea

PUBLIZITATEA

Euskal Herriko Unibertsitateak OpenCourseWare proiektuarekin bat egin du eta hezkuntza internet bidez zabaltzeko asmoz unibertsitatean ematen diren hainbat irakasgaien materialak jarriko ditu sarean. Urte amaierarako EHUk 23 irakasgairi dagozkien materialak izango ditu sarean eta horiei beste 22 gehituko zaizkie 2009ko lehen hiruhilekoan. Edonork eskuragarri izango ditu internetez irakasgai horien material didaktikoak, irakaslearen aldetik erabateko bermea atxikiz materialari, jabetza intelektualeko eskubideak babestuz. Bide honetan, 2009ko urte amaierarako 100 irakasgai sareratu nahi ditu EHUk.

Donostia-San Sebastián. Euskal Herriko Unibertsitatea OpenCourseWare proiektura lotu da irakaskuntza birtualaren bidez hezkuntza eskaintza zabaltzeko. Proiektu honek mundu osoko unibertsitateetako irakasgaietako material didaktikoak eskaintzen ditu sarean, nahi duen orok kontsultatzeko moduan. Irakasgai bat web orrian argitaratzen denean, edonorentzat eskuragarri egoten dira irakasgaiaren inguruko gida, gomendatutako irakurketa plana, ikasketa materialak, praktikak eta ariketak, autoebaluazio prozedura… Irakasleak berriz, dagokion kontratua sinatuz,  materialaren originaltasuna bermatzeko konpromisoa hartzen du eta era berean bere jabetza intelektualeko eskubideak babesten dira.

EHUk sarean ezarri duen Campus Birtualeko zuzendari Jesus Romok EuskalKultura.com-i azaldu dionez "proiektuak martxan daramatzan lehen hilabete hauetan erantzuna oso ona izaten ari gara, batez ere irakaslegoaren aldetik, irakasgaietako materiala sarean ezartzeko eskaintza ugari izan baititugu. Irakaslegoa, finean, asko interesatu da proiektu honetan". EHU urte hasieran, urtarrilaren 24an sartu zen proiektu honetara eta geroztik 82 irakasgai sareratzeko eskaintza izan du. Urte bukaerarako horietako 23ren materialak jarriko ditu sarean, eta 2009ko lehen hiruhilekoan beste 22 gehituko zaizkie, Jesus Romok 2009 amaierarako ehun bat irakasgai sarean izatea aurreikusten duela. Horretarako webgune atal berezi bat prestatu dute EHUn, "OCW Bulegoa" izenekoa.

OpenCourseWare proiektua 2001. urtean sortu zen MITen, Massachusetts-eko Teknologia Institutuan, eta dagoeneko kontinente guztietako hainbat unibertsitateetako irakasgaiak biltzen ditu. Bide honetan, Proiektuak 4.000 irakasgai baino gehiago ditu jada. Proiektu honen helburua da, mundu osoko irakasleek euren materialak trukatu eta elkarbanatzea, irakasgaiaren kalitatea hobetuz, eta ikasle edota pertsona orok beste unibertsitateetako materialak kontsultatzeko aukera izatea.

Informazio gehiago: EHU-OCW.

 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia