Ireki berria da Necocheako Hator Hona programan parte hartzeko izena emateko epea. Programa uztailaren 15etik abuztuaren 7ra arte luzatuko da eta deialdia 18 eta 30 urte bitarteko Euskal Herriko gazteei dago zuzenduta. Interesatuek apirilaren 29ra arte bidal dezakete eskaera. Bestalde, azken ordu hauetan, aurtengo Aste Nazionalaren egoitza izango den Euzko Etxea Euskal Etxeak jaiaren logotipoa plazaratu du.
Necochea, Argentina. 2004an hasi zenetik arrakastatsua izan da beti Hator Hona programa. Hamaika eskaera jasotzen dituzte Euzko Etxeko gazteek urtero eta hamabi urte hauetan 70tik gora lagun etorri dira Euskal Herritik Necocheara euskal kultura zabaltzen laguntzera. Euskal etxeko dantzariek berriro ere luzatzen dute 2016 honetan Hator Hona programan parte hartzeko deialdia.
Urtero bezala parte hartzeko baldintzak hauexek dira:
-18 eta 30 urte artekoa izatea
-euskara, euskal musika, dantza, gastronomia edo herri kirolen ezagutza izatea
-ez da titulurik eskatzen, esperientzia eta irakasteko gogoa baizik
-norberak Necochearainoko bidaia txartela ordaindu beharko du; ostatua eta janaria euskal etxearen kontu izango dira
Izena emateko epea atzo ireki eta apirilaren 29ra luzatuko da. Egonaldia aurten uztailaren 15etik abuztuaren 7ra izango da eta inskripzioa Hator Hona blogaren bidez (ikus hemen) behar da egin. Berriak eta informazioa blogean eta Hator Hona programaren Facebooken argitaratuko dira (Proyecto Hator Hona). “Oro har, ohikoa izango da dinamika; nobedadeak, partaideak iristean sortuko dira, eurak tailerrak nola antolatu nahi dituzten ikusita, baita klaseak eta gainerako aktibitateak ere”, azaldu dio Marcial Agostini Zubillaga necocheatarrak EuskalKultura.com-i.
2016ko Euskal Asteko logotipoa
Atzo bertan ere Euskal Aste Nazionalaren irudia izango den logotipoa kaleratu zuen Euzko Etxea Euskal Etxeak. Diseinua Mar del Platako Maria Jose Rossi Istuetarena da eta Euskal Etxearen egoitza irudikatzen du bi herrien –Euskal Herriaren eta Argentinaren– banderen babesean. Aipagarria da aipamen berezi bat ere egin diotela epaimahakideek Horacio Marotto Etchezaharrek aurkeztutako lanari.
Gogora dezagun aurtengo Argentinako Euskal Aste Nazionala azaroaren 7tik 13ra izango dela, Necocheako Euzko Etxea antolatzaile.