euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

EHan moda, jazki eta diseinu enpresa bat duen Itxaso Uzkanga euskal-venezuelarra elkarrizketatu du Anboto aldizkariak

2021/04/29

Itxaso Uzkanga (arg Aitziber Basauri-Anboto)
Itxaso Uzkanga (arg Aitziber Basauri-Anboto)

PUBLIZITATEA

Venezuelan euskal komunitatearen baitan jaio eta hazitako jende asko itzuli da azken urteotan Euskal Herrira. Horietako bat, Venezuelan oso ezaguna den Uzkanga familiako Itxaso Uzkanga orain gutxi elkarrizketatu du Zornotzan bertako Anboto.org aldizkariak. Gure irakurleentzat, bereziki Euskal Herrian edo Venezuelan, familia euskal-venezuelarreko kide direnentzat, interesgarria izango zelakoan, datozen lerroetara ekarri dugu Aitziber Basaurik izenpetzen duen solasaldia.

Aitziber Basauri. Olatz Zugastik, Afrika Baetak, Joseba Etxebarriak edo Ilaski Serranok. Jende ezagunak jantzi ditu Itxaso Uzkangak (Venezuela 1977) sorturiko diseinuak, eta oso eskertuta dago. Hala ere, aitortu du ezagutzen ez duen jendea bere diseinuak jantzita ikusteak egiten diola ilusiorik gehien. "Asko betetzen nau horrek", dio.

Euskal kulturagaz eta euskal ohituren babesean hazitakoa zara, Venezuelan.
Bai. Etxean txikitatik edan dugu euskal kulturatik, euskal ohituretatik. Venezuelako Valencia hirian jaio eta hazitakoa naiz. Hango Euskal Etxean hazi nintzen, euskal ohiturez inguratuta. Hango euskal dantzen taldean ibilia naiz eta Euskal Herriko hainbat tokitako jendea batzen ginenez, leku guztietako jaiak ospatzen genituen. Txikitatik bizi izan dut oso gertutik euskal kultura.

Venezuelan jaiotako euskalduntzat duzu zeure burua?
Bai, lotura sendoa dut Euskal Herriagaz. Ama Bediakoa dut eta aita Begoñakoa, Bilbokoa. Venezuelara emigratu behar izan zuten, eta han jaio nintzen. Aitita gudaria izan zen, eta amama eta ama Saturrarango espetxean egon ziren preso. Aitaren aldetik, nire birraitona Begoñako azken alkatea izan zen. Venezuelan nagoenean euskalduna naizela esan dut beti, eta Zornotzan nagoenean, euskal-venezuelarra.

Zerk ekarri zintuen Durangaldera? Entzun dugu maitasuna izan zela tarteko.
Egia da zerbait gurutzatu zela, baina betidanik izan dut Euskal Herria gogoan, bertara etortzeko ideia. Argi nuen ez nuela bizi osoa Venezuelan egingo. Hango egoera ez zen onena, eta horrek erabakia hartzera eraman ninduen, aurretik hartuta nuen erabakia hartzera. Ez da erraza. Dena atzean uzten delako, familia ere bai.

Ekin Harriari markagaz ekin zenion bideari, kamisetak eginez.
Etxean hasi nintzen nire diseinuekin lanean, 2010ean denda txiki bat zabaldu nuen arte. Joaten naizen tokietan, arreta eman didan horregaz inspiratu naiz beti: horrela sortu nituen Santimamiñeko koben edo Argiñetako nekropoliaren irudia inprimatuta zuten kamisetak; Gorbeiako gurutzea ere landu nuen zilarrean... Poltsak, bitxiak, eta, beirateria eta lanerako arropak pertsonalizatzea etorri ziren gero, beti enkarguz. 2017an Jeny lankideak eta biok Telarte jantzigintza tailerra zabaldu genuen, pauso bat eman eta brodatuekin hasi ginen.

Jaialdi dendaren lekukoa hartu zenuen  iaz, eta euskal jantzi tradizionalak egiten dituzue. Erronka berria duzue hori?
Bai, iazko otsailean heldu genion, justu pandemia hasi baino lehen. Ezkontzetarako, jaunartzeetarako, jaietarako... lan egiten dugu, batez ere. Bada, pandeamiagaz berrasmatu egin behar izan genuen: udalarentzat maskarak egiten hasi ginen, oinarrizko zerbitzua ematen zuten establezimenduetan banatzeko. Gero, herritarrak etorri ziren, eta jantzietarako oihalekin egindako maskarak eskaintzen hasi ginen, borondatearen truke. Orain, homologatutako oihalekin egiten ditugu enpresentzat. Bagabiltza jantzi batzuk egiten, baina, batez ere, enpresentzat pertsonalizatutako produktuekin dihardugu.

Zer da eskatu dizuten arraroena?
Aterkiak edo karpak pertsonalizatu ditugu, eta 4x4 ibilgailu bateko ordezko gurpilaren estalkia. Argazki bategaz etorri ziren: txakurra oilogorraren atzetik. Jaietako kuadrilla-kamiseten enkargu batzuk ere bitxiak dira!

Diasporatik ere badituzu enkarguak.
Bai, AEBetatik eta Hego Amerikatik. Bost urtero ospatzen den Boiseko Jaialdira joatekoak ginen iaz, gure jantziekin. Baina pandemiak 2022ra atzeratu du dena. Ia dena ondo doan eta  joan gaitezkeen!

Euskara ikastera animatuko zara?
Valenciako Euskal Etxean aritu nintzen, baina, egiten nuenez... Etxean askotan esate didate. Aurrera begirako erronka dut.

(Anboto aldizkariak 2021-04-27an argitara emandako elkarrizketa)



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia