Gaurko buletinean, Euskal Herriko Agintaritzaren Agerkariaren maiatzaren 15eko alean, eman du argitara Eusko Jaurlaritzak Kanpo Harremanetarako idazkari nagusi Marian Elorzaren Ebazpena 2018ko Gaztemundu programaren deialdia deiarekin. Munduko euskal etxeetako 15 gaztek izango dute aukera Euskal Herrira etorri eta aurtengoan euskal dantza tradizionalez ikasteko hainbat dantzari eta dantza adituren eskutik. Epemuga izena emateko ekainaren 18a izango da.
Vitoria-Gasteiz. Abian da dagoeneko Gaztemundu 2018. Aurtengo deialdiak 15 leku plazaratu ditu munduko euskal etxeetako gazteentzat. Irailaren 1etik 16ra egingo da, Vitoria-Gasteiz hiria oinarri harturik, baina irteerak Euskal Herri osoan barrena. Hauek dira bete behar diren baldintzetako batzuk:
1.– 18 eta 35 urte bitartean izatea 2018ko urtarrilaren 1ean.
2.– Bizilekua Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldetik kanpo izatea.
3.– Ofizialki aintzatetsitako eta Euskal Etxeen Erregistroan inskribaturiko euskal etxe bateko bazkide izatea deialdia argitaratu baino hiru urte lehenagotik, gutxienez.
4.– Gaztemundu programako egonaldiren baten onuraduna ez izatea, 2003an arautu zenetik.
5.– Euskal dantzak irakasteko jakintza egiaztatzea, bideo bat aurkeztuz.
Epaimahaiak gogoan hartu eta balioetsiko ditu, esaterako:
a) Bideo grabaketaren balorazioa (40 puntu, gehienez).
b) Eskatzailearen parte hartze maila partaide den euskal etxearen bizitza sozialean (40 puntu, gehienez).
c) Euskara jakitea (10 puntu, gehienez).
d) Euskal Herrian inoiz egon gabekoa izatea (10 puntu).
Bideoan balioetsiko dira
– Eskatzaileak aukeratu duen dantzari buruzko ezagutza (10 puntu, gehienez).
– Dantzatzeko duen gaitasuna eta dantzaren esanahia azaltzekoa (15 puntu, gehienez).
– Dantzaren exekuzioa irakasterakoan frogatzen duen ezagutza pedagogikoa (15 puntu, gehienez).
Beste zenbait ezaugarri eta puntu nola baloratuko diren eta deialdiaren xehetasun guztiak deialdian bertan irakurtzea komeni da, bertan esaten denak baitauka balio ofizial bakarra.
-Deialdiaren argibide xehetuak, hemen
-Deialdiaren xehetasunak, hemen
-Deialdia pdf formatoan, hemen
-Deialdia testu elebidunean, hemen
Hilabeteko epea dago eskabideak aurkezteko, eta horretarako epea bihar hasiko da korritzen. Epemuga, ekainaren 18a.