euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Literatura eta musika alorreko zenbait proposamen dakartza Bartzelonan EH Sona jaialdiak: baita, gaur, futbola ere

2009/11/05

Iñaki Plaza eta Ion Garmendia kontzertuan
Iñaki Plaza eta Ion Garmendia kontzertuan

PUBLIZITATEA

Atzo arratsaldean IK Irakurle Klubaren sasoin berria zabaldu ondoren, literatura eta musika alorreko proposamenekin segitzen du Bartzelonan Euskal Herria Sona jaialdiak. Aurreko larunbatean hiriburu katalanean abiatutako euskal kultur programa horrek etxean gelditzeko aitzekia kenduko dio bat baino gehiagori. Bihar eta asteburuan eskainiko diren musika emanaldiekin, gaurko egunak bestelako proposamena egiten du, edo egiten die futbolzale eta athleticzaleei: Euskal Etxeko Txokoan Nacional-Athletic partida emango dute, iluntzeko bederatzietatik aurrera.

Bartzelona, Katalunia. EH Sona jaialdia joan den asteburuan, urriaren 30ean, hasi zen, eta aste honetarako, Bartzelonako Euskal Etxeko agenda kulturala ekitaldi interesgarriez beteta dakarkigu. Atzo bertan, asteazkena, IK, irakurle kluba-ri eman zitzaion hasiera. Aurreko urteetako ildoari jarraiki, Euskal literatura Katalunian ezagutarazteko, IK ipini du abian Bartzelonako Euskal Etxeak. Irakurleak hilabeteko lehen asteazkenean bilduko dira ordu pare batez, euskal liburu bati buruz hitz egiteko. Liburuak euskaraz sorturiko literatur lanak dira, baina euskaraz ez dakitenek ere parte hartzeko aukera izan dezaten, jatorrizkoak ez ezik, itzulpenak ere erabiliko dira. Dinamizatzaile batek gidatzen ditu saioak. Parte hartzeko, Euskal Etxean izena eman eta 5 euroko matrikula ordaindu beharko dute bazkide ez direnek. Hurrengo saioa, azaroko lehenengo asteazkenean.

Gaur, berriz, futbolari ere egingo zaio tartea. Iluntzeko 9etan, Nacional-Athletic Club-aren Cda aurkeztuko da. Bihar, berriz, ostirala, arratsaldeko 7etan, kultura taldearen bilera irekia burutuko da, Gràcia auzoko CATen. Gaueko 10etan berriz, eta bertatik mugitu gabe, Iñaki Plaza eta Ion Garmendiak kontzertua eskainiko dute. Bikoteak ibilbide luzea darama Euskal Herriko musika tresnekin zein instrumentu berriekin (pvc-zko tuboak, plastikozko baldeak…). Hainbat diskotan jo dute (Berrogüetto, Ibon Koteron, Faltriqueira, Tejedor…). eta beste hainbat talderekin aritu dira (Kepa Junkera…). Euskal soinu-tresnen kontzertu didaktikoak eta ikastaroak eskaini dituzte Euskal Herrian zehar. Euren lehen lanari eta diskoari “20 Hatz proiekt” izena eman diote; izena, azken urtetan elkarren artean bildu dituzten musika esperientzien, lanen eta bidaien laburpena da. Sarreraren salneurria 5€koa da (Euskal Etxeko bazkideek eta CATen lagunentzat 2.5€). Kontzertua Gràcia auzoan denez, Euskal Etxeko Txokoa iluntzeko 21.30tan itxiko da, gauerdian itxi ordez.

Larunbatean, arratseko zortzietan, Hegokoak taldearen kontzertuaz gozatzeko aukera izango da. Taldearen izenak zein beren erregistroari eman dioten tituluak (Euskal-Afro-Kantuak) beren proiektuaren joera musikala norantz doan garbi uzten dute. Beraienak diren abestietatik hasiz, eta bertso eta kantu zaharrak erabiliz, euskara espazio afro-brasildarretara eramaten dute, jazz eta rock elementuak ere antzeman daitezkeelarik. Horrela, lanen gauzatze garbia ez dago inprobisaziotik aske. Sarreak 2€ balio ditu (Euskal Etxeko bazkideentzat doan).

Hurrengo asteko ekitaldiek ez dute itxura okerragorik!



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia