Buenos Aires, Argentina. Argentinara hasi berria duen bisitaren baitan Argentinako hiriburuko Euskaltzaleak Euskaltegiko kide eta lagunekin bilduko da bihar EH Bilduko Diasporarako idazkari eta legebiltzarkidea den Jasone Agirre. Euskaltegian ‘Espainiako Erresumaren eta Kataluniako eta Euskal Herriko determinazio mugimenduen egoera politikoa’ izenburuko hitzaldia emango du, iluntzeko 7:30etan, Bernardo de Irigoyen 826 helbidean. Ondoren "afari informal" bat partekatzeko deia partekatuko dute. Hau ez da izango, ordea, hautetsi abadiñoarrak Argentinan bisitatuko duen euskal etxe bakarra, atzo bertan La Platako Euzko Etxea bisitatu baitzuen, bertako buruzagi eta bazkideekin bilduz (kus argazkia).
Esan beharra dago parlamentaria atzo bertan, astelehena, iritsi zela Argentinara, bidaiaren arrazoi nagusia egun hauetan eta igandera bitartean Bahia Blancan garatzen ari den Euskal Aste Nazionalean parte hartzea izanik, bertako Union Vasca Euskal Etxea 120 urte betetzen ari den urte honetan.
Esan dezagun, bestalde, bere alderdi barruan Diasporarekiko harremanez arduratzen den Agirre zutabe bat ari da egiten azkenaldian Argentinan, Nequengo Comahueko Euskal Etxeak aireratzen duen ‘Entre Vascos’ irratsaioan. Saioa, asteazkenero entzun daiteke, gaueko 10etatik 12etara (bertako ordua), www.radiomegafon.com.ar webgunean.