Pergamino, Argentina. Ethel Sara Arreguik portzelana gainean margotzen du eta bere ekimenari euskal izena jarri dio: ‘Eguzki’, "eguzkiaren indarra eta distiragatik", diosku. Ethelek 'Buenos Airesek EH ospagai' megaerakusketan hartu du parte aurten eta zorion hitz ugari jaso zituen, asebete etorririk. "Topaketa handi horretan nire piezekin parte hartzea esperientzia bikaina izan da, bai salmenta aldetik baita gu bisitatu eta ezagutzera pasatutako guztiekin izandako kontaktu eta elkarreraginarengatik", aitortu dio Euskalkultura.eus-i.
Artistak ehun pieza baino gehiago margotu ditu. Horietako batzuk apaingarriak dira, hala nola 'Ongi etorri' dioten kartel tipikoak, eta beste batzuk, erabiltzekoak, esaterako, katiluak, kafe kikarak, azukre-ontziak, koilaratxoak, saltserak eta platerak, eta bestelako ontziak. Horiek guztiak, "jakina", dio, euskal ikonografiako hainbat elementuz edertu ditu eta lauburuak, eguzkiloreak edota euskarazko hitzak ezarri dizkie, euskal kulturarekin duen beti izan duen harremanaren adierazgarri.
Pergaminoko Ethel Arregui bere eskuz margotutako portzelanazko piezekin
Ethel Juan Bautista Arreguiren biloba da. Hura Irura-tik (Gipuzkoa) 1914an iritsi zen Argentinara anaia batekin, eta gainerako familia Euskal Herrian geratu zen. Beste hainbat istoriotan bezala, Ethelen bizitzan Euskal Etxea, berean Pergaminoko Lagun Onak, bere bigarren etxea bilakatu zen. Txikitan dantzaria izan, gero zuzendaritza batzordekidea eta gaur egun txikien monitorearekin lan egiten du, euskara klaseak hartzeaz gain.
Bere lanari buruz gehiago jakin nahi baduzu, edo objekturen bat bereziki gustatu bazaizu, WhatsApp bidez jar zaitezke harremanetan: 2477 - 347800. Laster, Instagramen topatuko dugula adierazi du.
Zorionak, Ethel!