Tandil, Argentina. Urtero bezala, Tandilgo Gure Etxea Euskal Etxeak arrakastaz aurkeztu du aurten ere bere Euskal Jaiotza Biziduna, hemen 'pesebre viviente' deitzen dutena. Tandilen klasiko bihurtu den antzezpen honetan Euskal Etxeko taldeak oro izan ziren partaide: dantza taldeak, euskara ikasleak, abesbatza, neska eta mutiko pilotariak, zuzendaritza batzordeko kideak, eta baita familiak eta elkartearen lagunak ere. Aurten abenduaren 16an eginik, aldaera txiki bat izan zuen: euriak ez zien antolatzaileei egoitzaren aurrean dagoen plazan egiteko baimenik eman, eta egokitzapenak egin behar izan ziren, barnean, erakundearen areto nagusian muntatzeko.
Antzezpenak tradizio kristaua eta euskal mitologia uztartzen ditu. Testua Valeria Arambururi zor zaio eta euskal etxeko taldeak oro hartzen dute parte
Iluntzen hasi zuenean, 20etan, hasi zen interpretazioa. Oraingoan, Silvina Irouleguyk eman zion ahotsa Valeria Aramburuk idatzitako kontakizunari, non euskal mitologiak eta kristau tradizioak bat egiten duten. Jendeaurrean pasatu ziren euskal dantzak, gauekoak eta galtzagorriak, baserritarrak eta artzainak, eta bukatzeko Maria, Jose eta Jesus haurra agertu ziren, aurten Victoria Zayasek, Franco Dal Cerok eta Alaiak, bien txikia, interpretatuak.
Martin Tumbarino zuzendari duen Gure Abestiak abesbatzak, berriz, “Oi Betleem” eta “Los Reyes Magos” (Errege Magoak) kantak abestu zituen. Azkenik, Olentzero (Santiago Benavidez euskara irakasleak interpretatua) aurkeztu zen, tokian zeuden txikien artean gozokiak banatzeko. Jaiotzaren ondoren, bertaratutako publikoak eta artistek, anfitrioiek prestatutako pintxoak eta txistorra dastatu ahal izan zituzten.
Euskal Etxeko talde guztien lana
Antolatzaileek EuskalKultura.eus-i azaldu diotenez, Jaiotza aitzakia bikaina da euskal mitologia eta tradizioak zabaldu eta ezagutzera emateko, eta baita euskal etxeko eguneroko bizitzan parte hartzen duten kide guztiak ekitaldi bakar batean batera biltzeko ere.
Zorionak, Gure Etxea!