euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Eguraldi txarrak ez zuen eragotzi Carmelo-n (Uruguai) 'Eusko Jaia' ekitaldi euskal-uruguaiarraren III. edizioa

2007/05/07

Dantzarien emanaldia Carmeloko Uama antzokian
Dantzarien emanaldia Carmeloko Uama antzokian

PUBLIZITATEA

Eguraldiak batere lagundu ez bazuen ere, Uruguaiko Colonia departamenduko Carmelo herriak aurrera egin zuen 'Eusko Jaia' izeneko euskal-uruguaiar deialdi nazionalaren hirugarren edizioarekin. FIVU (Federación de Instituciones Vasco Uruguayas) erakundeak urtero kide dituen euskal etxeen arteko batekin batera antolatua, aurtengoan bertako euskal dantzariak, Argentinakoak, artista folk uruguaiarrak eta beste zenbait osagai izan ditu, tartean zine eta kultura emanaldiak, aire zabaleko ekitaldietako batzuk, euriagatik, herriko Uama antzokira pasatu behar izan zirelarik.
Buletin honen orrialdeetatik egokiro iragarri bezala, III. Eusko Jaiaren ekitaldiak Carmelon gauzatu ziren astelehenetik igandera bitartean apirilaren 16tik 22ra, Carmeloko 'Ibai Ondoko Euskal Etxea' antolatzaile, FIVU euskal-uruguaiar federazioarekin batera. Programari, bertako kable bidezko telebistan egunero eskaini zen euskal zinema ziklo batekin ekin zitzaion, carmelotar guztientzat zabalik eta eskuragarri.

[Carmeloko Uama antzokia Eusko Jaia barnean Larbanois & Carrero artista uruguaiarrak aritu zirenean, larunbatarekin]

Asteburua hurbiltzen joan ahala giroa berotzen joan zen, jendeari dagokionez bederen, aroak zeharo kontrako jarrera hartu baitzuen. Ostiralean, Carmeloko Euskal Etxea sortu zeneko 12. urteurrena ospatu zen, erakundeko hainbat kide, lagun eta oro har auzoko eta herritar inguratu zirelarik euskal etxearen egoitzean deituriko ekitaldira. 'Ekitaldi horretan bertan, Aberri Eguna ospatu genuen eta gomuta eta oroitzapen berezia izan genuen Gernikako hondamendiaren 70. urteurrenaren karietara', azaldu dio EuskalKultura.com-i antolatzaileen artekoa den Ernesto Cis Leiza carmelotarrak.

Uruguaiko dantzariak eta Maipú, Argentinakoak

Larunbatean, etengabeko euriak baldintzaturik alabaina, eutsi ere ekitaldiei eutsi zitzaien, nahiz eta Nazioen Plazako aire zabalean egiteko aurreikusita zeudenak Uama antzokira aldatu behar izan ziren. Agertoki berrian, arratsaldeko zazpi t'erdietatik aurrera euskal dantzariak jardun zuten, lehenik Carmelo bertako 'Ibai Ondoko' euskal etxekoek, eta ondotik Montevideoko 'Haize Hegoa'koek, Rosarioko 'Gure Etxea'koek (Uruguaikoak hiruak) eta Maipú-ko 'Anaitasuna'koek, azken hauek Argentinatik etorriak.

Bostehun bat jendek bete zuten aretoa, itsasoz bi aldeetako osagaiak zeuzkan erakustaldiaz gozatuz. Lehenengo partean Río de la Platako euskaldunen eta euskal koloreen dantza ikusi ahal izan zuten bertaratutakoek. Bigarrenean, berriz, Uruguaiko musika herrikoiaren txanda heldu zen, gitarra eta ahotsez hornituriko Larbanois & Carrero bikotearen eskutik. Hogeita hamar urteko ibilbidea daraman bikote uruguaiarrak urte luze horietan mugarri izandako hainbat doinuen errepasoa egin zuen eta kaleratzear daukan 'Coplas del fogón' grabaketa berriko aire berriak ere kantatu zituen. Ondoren, gau erdia pasata, anaitasun afariak bereganatu zuen publikoaren arreta, Club Uruguay delakoan.

Ekitaldiak igande eguerdiz amaitu ziren, toki berean eginiko bazkariarekin, arratsalderako plazan aurreikusita zeuden emanaldiak bertan behera utzi behar izan baitziren.


Lotura interesgarriak

Uruguaiko III. Eusko Jaia-ren iragarpena
2007ko apirilaren 20ean BasqueHeritage.com-en argitara emana

HABEk euskara irakasteko itunak berritu ditu Uruguain
2007ko urtarrilaren 22an EuskalKultura.com-en argitara emana


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia