euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Eguraldi ona eta ikusleak barra barra Madrilgo Euskal Jaiaren bigarren edizioan

2011/10/07

Txirri, Mirri eta Txiribiton Junior pailazoen emanaldia Madrigo 2. Euskal Jaian
Txirri, Mirri eta Txiribiton Junior pailazoen emanaldia Madrigo 2. Euskal Jaian

PUBLIZITATEA

Madrilgo Euskal Etxeak balioespen baikorra egin du oso iragan igandean hiriburu espainiarren antolatu zuen 2. Euskal Jaiaz. Retiro parke ezagunean egin zen jaia eta, eguraldi ona lagun, elkarteko kide asko eta bertan egun pasa ari ziren ikusle ugari bildu ziren ekitaldietara. Eguna estropadekin hasi zen eta Madrilgo ontziak izan ziren garaile, Euskal Herritik hurbildutako eskifaiei nagusituz. Jose Inazio Ansorena txistulariak eta Mielotxin talde nafarrak ikusleak dantzan jartzea lortu zuten. Txikiek ere izan zuten tarterik eta Txirri, Mirri eta Txiribiton Junior pailazoen ikuskizunarekin gozatu zuten.

Madril, Espainia. Madrilgo 2. Euskal Jaiak ikusle eta partehartzaile asko bildu zituen Retiro parkera iragan igandean eta eguna "arrakasta itzela" izan zela aitortu diote EuskalKultura.com-i elkarteko arduradunek. Julio Elejalde Euskal Etxeko lehendakaria oso pozik agertu zaio gure buletinari jardueraren emaitzarekin; izan ere, bera buru duen elkartearen aburuz, jai hau bide garrantzitsua da Madrilen euskaldunen berri eta euskal kultura ezagutzera emateko. 

Eguna goizeko hamarretan hasi zen Retiroko lakuan egin zen estropadarekin. Lehian, Euskal Herriko eta Madrilgo eskifaiak. Madrildarrak atera ziren garaile, baina Euskal Etxeak eskerrik beroenak eman zizkien Donostiako eta Santurtziko taldeei ere parte hartzeagatik. Euskal Herritik etorritakoa zen baita ere Bakioko Itxas-Alde dantza taldea. Euren emanaldia "ikusgarria, oso deigarria" izan zen, Elejalderen esanetan. 

Euskal Jaia 2011 Madrid 

[Arraunlariei domina ematen sari banaketan]

Goizeko azken emanaldia Jose Inazio Ansorena txistulariaren kontzertua izan zen. "Ansorenak jendea mugiarazi eta dantzan jarri zuen emanaldi jostagarri batekin eta, besteak beste, aulkien jokoa egin zuen. Kantatzeko aukera ere eman zuen, jendea horretara animatuz, guk banatu genituen abestien letrak lagun", azaltzen du Elejaldek. Ondoren, bazkaltzeko ordua sartua zenez, antolatzaileak eta euren gonbidatuak Euskal Etxera bildu ziren eta han marmitakoa jan zuten 40 bat lagunek.

Arratsaldean umeen ordua heldu zen, berriz ere Retiro parkean, Txirri, Mirri eta Txiribiton Junior pailazoekin. "Gazteleraz egin zuten ikuskizuna, tarteka euskara ere erabiliz, eta umeak oso gustura egon ziren", diosku Elejaldek.

Euskal Jaia 2011 Madrid 2 

[Txikiak eta gurasoak pozik, Txirri, Mirri eta Txiribiton Junior pailazoen ikuskizunean]

Euskal Etxeko Orfeoia --"gero eta hobeto kantatzen dute"-- eta dantza taldea ere igo ziren taula gainera eta, berriz ere, ikusleak dantzan jartzea lortu zuten, kalejira eta dantza artean.

Egunari bukaera emanez Mielotxin talde nafarrak kontzertua eskaini zuen. Egun osoan zehar Ibon Koteron trikitilariaren taldeak jaiaren gunea girotu zuen. Koteron Euskal Etxeko kidea da, nahiz eta orain Bilbon bizi, "eta beti agertzen da prest elkarteko ekitaldietan laguntzeko", aitortzen du euskal etxe madrildarreko lehendakariak.

Euskal Jaia 2011 Madrid 3

[Euskal etxeko dantza taldea jendartera jaitsi zen dantzan]

Madrilgo Euskal Etxeak antolatutako egun honen errepasoa argazki bidez egin nahi duenak, Euskal Etxeak horretarako aukera ematen dio bertan jasotako irudi bilduma ipini baitu bere webguneko eguneko  Gure Argazkiak galerian. 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia