euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Eguraldi kaskarra gorabehera, espero bezain arrakastatsua suertatu zen San Pedroko XIX. Gizataldeen Jaia

2011/10/17

Ekin Dantzari Taldea San Pedroko XIX. Gizataldeen Jaian
Ekin Dantzari Taldea San Pedroko XIX. Gizataldeen Jaian

PUBLIZITATEA

Udaberriko aroa ez da beti eguzkitsua eta epela, batzutan aldakorra izaten da eta ezegonkortasun horren biktimak izan ziren sanpedrotarrak euren jaian. Eguraldi txarra medio, XIX. Gizataldeen Jaiaren lehenengo egunean egitekoak zirenak atzeratu behar izan ziren, asteburu luzeko azken bi egunetan banatuz, hainbat ikuskizun eta kultur proposamenen kasuan. Baina horrek ez zuen festaren giroa ilundu. Herritarrek eta turista ugarik bisitatu zuten Pasealeku Publikoan egin zen jaialdia eta Ongi Etorri euskal etxearen standean plater ederrak bildu ziren dastagai.

San Pedro, Argentina. Euria ez zen oztopo izan urriaren 8an, San Pedroko XIX. Gizataldeen Jaia eta Herriko Eskulan, Merkataritza eta Industriaren III. Erakustaldiaren antolatzaile eta publikoarentzat. Egitaraua birmoldatu ondoren, prestatuta zeuden ikuskizun eta kultur ekimen gehienak arazorik gabe gauzatuko ziren festako agertokian eta baita ekintza kulturalen karpan ere.

San Pedroko euskaldunek urtero hartzen dute parte festa honetan eta urtero ere publikoari begirako proposamen berriak eskaintzen saiatzen dira. Izpiritu honekin, 2011ko edizio honetan Buenos Airesko Ekin Dantzari taldea gonbidatu zuten Ongi Etorri-ko arduradunek, gainerako kolektibitateen balletekin batera dantza zezaten. Aitor Alavak zuzentzen duen taldea bitan aurkeztu zen publikoaren aurrean: arratsaldean, euskaldunen standaren aurrean eta ondoren, ilunpean, agertoki nagusian.

San Pedroko XIX. Gizataldeen Jaia 2011 01

[Ongi Etorri euskal etxearen standean, Euskal Herriko plater tipikoak eskaini ziren]

Euskal standean, kultura eta ohiturei buruzko informazioarekin batera, etxeko kideek prestatutako plater tipikoak jendearen erakargarri ziren. Euskal etxearen ohial-etxola azpi eta inguruetan herritarrek zein turistek mokadu gozoak dastatu ahal izan zituzten giro ederrean eta kolore zuri-gorri berdeak lagun.

 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia