euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Eguraldi hotza baina giro beroa Miamiko Euskal Etxearen aurreneko Herri Kirol Jaialdian

2016/02/11

Aizkolariak ekinean Miamiko Herri Kirolen aurreneko jaialdian (argazkia Miami EE)
Aizkolariak ekinean Miamiko Herri Kirolen aurreneko jaialdian (argazkia Miami EE)

PUBLIZITATEA

Miamiko Euskal Etxearen lehendabiziko Herri Kirol Jaialdiak irudi ikusgarriak utzi zizkigun iragan igandean: aizkolariak, harri jasotzaileak, sokatira eta txinga eramatea palmondo artean, hondartza tropikal batean. Festan Miamiko euskaldunez gain, New England eta San Frantziskoko kirolariek ere parte hartu zuten. Jarraian, argazki galeria eder bat.

Miami, AEB. Miamiko Euskal Etxeak bere lehendabiziko Herri Kirol Jaialdia antolatu zuen iragan igandean, eta 140 heldu eta 20 bat txiki bildu ziren bertara. Elkartearen beste ekitaldi asko bezala, oraingoan ere Angulo sendiak lakuan duen txokoa utzi zuen festarako.

Topaketaren helburua bikoitza zen: batetik, Miamin herri kirolak eta euskal kultura sustatzea, elkarteko lagunen artean, eta bestetik, Joseba Andoni haurrari laguntzeko dirua biltzea. Ume honek istripu larria izan zuen txikitan eta Miamin bizi da han tratamendu berezia jasotzen ari delako. Azken urteotan elkarteak hainbat ekitaldi egin ditu berari eta bere familiari laguntzeko.

Tamalez, festak ez zuen uste bezain beste lagun bildu, agian Superbowl partiduarekin kointziditu zuelako, eta ez zen irabazirik izan. Hala ere, eskertzekoa da festaren antolatzaileek egin zuten ahalegina, Boni Guenetxea bazkidea buru zutelarik, eta baita ere bertan parte hartu zuten kirolari eta bazkideena.

"Eskerrik beroena eman nahi dizkiet igandean etorri ziren guztiei", azaldu dio Guenetxeak EuskalKultura.com-i. "Egun ederra izan zen, hotza baina eguzkitsua. Jaso ditudan komentarioengatik, arrakastatsua izan zela uste dut". Festan lan egin zuten bolondresak honakoak izan ziren, besteak beste: Conchi eta Armando, Magu eta Ernesto, Guenetxeatarrak eta baita euren catering negozioko zazpi langile ere.

Festako protagonista nagusienetakoak New Englandetik eta San Frantziskotik etorri ziren herri kirolariak izan ziren. Guenetxeak haiek egin zuten ahalegina azpimarratu du bereziki. "Izugarri gustatuko litzaiguke haiek Miamin sarriago edukitzea, gure kultura eta tradizioak suspertzeko!", agertu du.

Jarraian, argazki galeria eder bat (eta irudi gehiago www.euskaletxeaofmiami.org webgunean):


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia