Aurreko gauean izandako eurijasaren ostean, Washingtonek eguraldi opari ederra eskaini zion atzo euskaldunei eskainitako Smithsonian Folklife Festivalari, egun osoa eguzkia lagun pasatu baitzen. Egunik jendetsuenak asteburukoak eta bereziki Uztailaren 4a --datorren astelehena-- izatea espero bada ere, inaugurazio ekitaldia ederto pasatu zen eta estreineko egunak giro ona eta espektazio altuak baitetsi zituen, bisitarien eta erakusleen arteko intees eta konplizitate handiz. Hona argazki kronika.
Washington DC. Irekiera-ekitaldiarekin abiatu zen eguna, Smithsonian konplexuko eraikinetakoa den Arts and Industries Building-en. Erakunde antolatzaileko eta kultura edo herrialde gonbidatutarekin lotutako jende asko zegoen, hamarretik gora telebista kamera eta baita, euskaldunekin batera, Kaliforniako musikariak saileko gonbidatuak ere. Smithsonian instituzioko buruzagiak, presidentea, idazkaria-eta mintzatu ziren lehenik, eta musikariekin tartekatuz, beste zenbait hizlari. Musikari eta artisten artean, Kepa Junkera eta Sorginak taldekoak aritu ziren, baita Aukeran-eko dantzariak ere, eta bertsolariak: Wyoming-eko Martin Goikoetxea, euskal-amerikar partetik, eta Euskal Herritik, Xabi Paya eta Irati Anda.
Estatu Batuetako Kongresuko partaide, John Garamendi euskal jatorriko kongresukidea mintzatu zen; eta Euskal Herriko ordezkari instituzionalen aldetik, Jaurlaritzako Arantxa Tapa sailburua eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako diputatu nagusiak oholtzaratu ziren. Euren artean, Bizkaiko ahaldun nagusi Unai Rementeriak hartu zuen hitza eta zuzendu zitzaien bildutakoei ingelesez eta euskaraz.
10etatik 12etara garatu zen harrera-ekitaldia bukaturik, eguerdiarekin, hamabietan puntuan, zabaldu ziren Smithsonian Folklife Festivaleko ateak eta emeki-emeki apurka-apurka hasi ziren sartzen jendeak. Eguraldiak lagundu zuen, eguzkiarekin batera hezetasun handiak izerditara bultzatzen bazuen ere, baina altxatu zen brisa politak laguntzen zuen zalantzarik gabe. Sail, gune eta oihal-etxolatan antolatua, leku bakoitzean etengabe ari ziren erakustaldiak eta aukezpenak egiten, baina horrez gain leku jakinetan saio bereziak zeuden iragarrita, batzuetan tailerrak, besteetan aurkezpenak, musika, dantza edo edozein saio mota. Ibilaldia, Nafarroa Oinez edo Herri Urrats moduko batekin konparatu zuten neurri batean Euskal Herritik etorritako zenbaitek.
Jaialdiak egunero 11etatik 5ak arte zabaltzen ditu ateak. Egun batzuetan kontzertu edo saio bereziak daude ondoko berdegunean, eta hori izan asteazkenaren kasua, kontzertua eskaini baitzuten Kepa Junkera eta Sorginak-eko kideek. Hori guztiaren laburpena, irudi bidez, segidan dakarkiguna, argazki-galeria honetan:
(gaur ostegunerako programa, hemen)