euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Egungo zortzi zestapuntista onenetakoak bilduko dira asteburuan Bartzelonako Sari Nagusian lehiatzeko

2008/05/17

Zesta puntako jarraitzaileek asteburu polita bizi ahal izango dute Bartzelonako Udaberriko Sari Nagusiarekin (argazkia JaiAlive)
Zesta puntako jarraitzaileek asteburu polita bizi ahal izango dute Bartzelonako Udaberriko Sari Nagusiarekin (argazkia JaiAlive)

PUBLIZITATEA

Zesta puntako jarraitzaileek Foronda-Endika Goixerri-Bilbaoren aurkako eta Bereikua-Aizpitarte Otxoa-Aritzen arteko norgehiagokak ikusi ahal izango dituzte asteburu honetan Kataluniako hiriburuko Pavelló de la Vall d’Hebronen antolatu den Bartzelonako Udaberriko Sari Nagusian. Euskal pilota modalitate hau nazioartean gehien jokatzen dena da eta baita azkarrena ere. Kirol euskaldunak aspaldidanik izan du presentzia Katalunian, bereziki Bartzelonan. Kultura jarduerak antolatzen dituen euskal komunitate bat edukitzeaz gain, hiriburu katalanak XIX eta XX. mendeetan elkarren artean lan egiten zuten zortzi pilotaleku eduki ditu. Aipatzekoak dira Colon, Barcelones eta Condal frontoiek lortutako oihartzuna.
Jai Alive (Jai-alaif ahoskatuta, 'jaia bizi da' esan nahi du euskalenglish-ez) enpresak antolatuta, egungo zesta punta edo jai alaiko zortzi zestapuntista onenetakoak lehiatzeko elkartuko dira asteburu honetan Bartzelonako Udaberriko Sari Nagusian. Gaur bertan, 18:00etan, Foronda eta Endika sendoek osatzen duten bikotea esperientzia handiko Goixerri eta Bilbaoren aurka arituko dira. Jarraian, Bereikua eta Aizpitarte bizkaitarrek orain arte Daniako pilotaleku estatubatuarrean aritutako Otxoa eta Aritzen kontra lehiatu beharko dute txapelketako bigarren finalerdian.

Bihar igandea, 11:30etik aurrera, Sari Nagusiko behin-betiko postuak erabakiko dira. Lehen jardunaldiko galtzaileak hirugarren eta laugarren postua lortzeko neurtuko dira eta jarraian gaurko bi bikote irabazleek finala jokatuko dute. Julen Bereikua azken hamarkadako pilotaririk onenak eta Jon Aizpitarte gazte bizkaitarrak 2007ko abenduan irabazitako titulua defendatu beharko dute.

Zesta punta edo jai alai kirola Euskal Herrikoa da, baina aspaldidanik eduki du presentzia euskal lurraldeetatik kanpo. Kataluniaren adibidea jar daiteke. Bertan Balet eta Mirapeix anaiak kirolaren amateur kategorian onenak izan ziren 60 eta 70eko hamarkadetan, bigarrengo hauek Mexiko'68an titulu olinpikoa lortuz. Amerikako Estatu Batuak, ordea, Euskal Herritik kanpo garrantzia gehien duen lurraldea da, bereziki Floridako kantxek.


Lotura interesgarriak

Bartzelonako Euskal Etxearen webgunea
www.euskaletxeak.org

Euskal eta valentziar pilotarien arteko jaialdia Sestaon
2008ko maiatzaren 15ean EuskalKultura.com-en argitara emana

Bartzelonako Literaldia 08 jaialdiaren hasiera
2008ko apirilaren 21ean EuskalKultura.com-en argitara emana

Bartzelonako euskal Zinemaldia arrakastatsua
2008ko martxoaren 28an EuskalKultura.com-en argitara emana

Ostiralean hasiko da Euskal Herria Sona!
2007ko urriaren 30ean EuskalKultura.com-en argitara emana


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia