Donostia-San Sebastián. Musika gustatzen bazaizu, aukera berria plazaratu du online Berria egunkariak euskal musikaz disfrutatu eta zenbat dakizun frogatzeko. Badok atarian, euskal musika mordoa entzun daiteke, bideoak eta podcastak ere badaude, elkarrizketak, berriak, bloga eta abar, pagotxa musikazaleentzat. Eta orain, gainera, jolas berri bat asmatu eta pantailaratu dute, Kantok. Parte hartzeko ez da aplikaziorik jaitsi behar, erabat libre eta doan da.
Egunero euskal kanta bat hautatzen dute eta erabiltzaileak sei saioaldi dauzka kanta zein den asmatzeko. Saialdi bakoitzean bost segundoko pasarte bat entzungo du —guztira 30 segundo— eta sei aukera daude kantuaren izenburua/kantaria asmatzeko. Horretarako, bilatzaile baten laguntza izango duzu: hiru hizki idatzita, abesti zerrenda bat agertuko zaizu aukeratzeko. Eguneko kanta, Badok-en datu basean entzungai dauden 32.000 abestietako bat izango da.
Abesti batzuk ezagunagok izango dira, beste batzuk ez hainbeste. Horregatik, jolasa kantu berriak ezagutzeko aukera paregabea izan daiteke. Emaitza edozein dela ere, jolasaren amaieran, kantua zein den jakingo duzu, eta osorik entzun ahalko duzu. Badok-ek euskal musikaren ezagutza eta erabilera sustatzeko asmoa du eta seguruenik, Kantok jolas interaktibo honekin helburu hori beteko du hein handi batean, xinple eta euskaraz.
Lagunekin saia zaitezke gaurko kanta asmatzen saiatzen eta norgehiagoka egiten nor den izenburu/kantari gehien identifikatzeko gauza! Animatzen probatzera?