Berez datorren asteko igandean bada ere --abenduaren 3an-- gaur ospatuko dute Santiagon, egun osoko egitarau batez Txileko Unibertsitate Katolikoan (UC), Euskararen Nazioarteko Eguna (ENE). Euskadiren Txile, Peru eta Kolonbiako Ordezkaritzaren eta Etxepare Euskal Institutuaren eskutik, Bertsolari dokumentala emango da, pintxo-dastaketa eta Euskara Mikrotailer dinamikoa egingo; eta UCko ikasleek aurkezpenak eskainiko dituzte Euskal Herriko errealitate soziokulturalaren hainbat alderdi erakusteko, guztia musika lagun eta jai-giroan.
Santiago, Txile. Euskararen inguruko programa esanguratsu hau Euskadiren Txile, Peru eta Kolonbiako Ordezkaritzaren eta Etxepare Euskal Institutuaren arteko lanari esker antolatu ahal izan da, Txileko Unibertsitate Katolikoa (UC) lankide. Ekitaldiak Letren Fakultateko Auditorium-ean gauzatuko dira, UCko San Joaquin Kanpusean (Av. Vicuña Mackenna 4860, Macul, metroaren 5. lerria, San Joaquín geltokia) eta goizeko 11etatik arratsaldeko 3:30etaraino luzatuko dira.
EGITARAUA
- 11:00etan: Ongietorria emateko hitzak: Pontificia Universidad Católica-ko ordezkaria eta Euskadiren Txile, Peru eta Kolonbiako Ordezkaritzako kideen eskutik
- 11:10etan: “Euskara mundu garaikidean” hitzaldia, Etxepare Euskal Institutuko irakurle Mireia Orbegozoren eskutik
- 11:35etan: Bertsolari dokumentala eskainiko da, Asier Altunarena. Honako hitzez aurketezten da: "Bertsoak bat-batean asmatzen dituenari esaten zaio bertsolari. Ahozko tradizioak eboluzio handia izan du historian; unean-unean egokitzen jakin du, eta belaunaldi gazteenekin konektatu du. Azken Txapelketa Nagusian, 14.000 lagun elkartu ziren. Estetika xumeko arte bat izanik, harrigarria da ikuskizunetan efektu bereziak nagusi diren garaiotan zer-nolako eragina duen bertsolaritzak"
- 13:00etan: Aurreskua
- 13:10etan: Pintxo-dastaketa
- 13:25etan: Euskara Mikrotailerra, Maider Ugartek eta Mireia Orbegozok gidatuta
- 14:00etan: Euskarari eta Euskal Kulturari buruzko aurkezpenak standetan, UCko ikasleen eskutik
- 15:30etan: Ekitaldiaren amaiera
Horrez gain, euskal kulturari eta tradizioei buruzko erakusketa egingo da, Euskal Herriari buruzko bideoak emango dira, eta euskara ikasteko onlineko tresnen eta aplikazioen berri emango da.