Egun gogoangarria euskararentzat Argentinan Euskaltzaleak-en Mintzodromo eta Triki-poteo arrakastatsuen eskutik
2018/06/12
Euskaltzaleak-en 7. Triki-poteoa
PUBLIZITATEA
Bere lehen Mintzodromoa eta zazpigarren Triki-poteoa egin ditu asteburuan Buenos Airesen bertako Euskaltzaleak euskaltegiak, jende gazte ugari lagun. Mintzodromoan, bertako ikasle eta irakasleek ez ezik, La Plata eta Necocheakoek ere hartu zuten parte. Triki-poteora lagun gehiago gehitu ziren, tartean Laurak Bat-eko musikari eta dantzariak eta Buenos Airesko Nafar Etxeko eta Cañuelasko Denak Bat-eko dantzariak ere. Argentinan dabilen EHko ikasle koadrila batek ere jarri zion bere ukitu berezia egunari.
Buenos Aires, Argentina. Ez da erraza Euskal Herritik hamar mila kilometrora euskararen aldeko ekimenak antolatzea baina Buenos Airesko Euskaltzaleak euskaltegia ez da kikiltzen eta aurre egiten dio erronkari. Eta, hara non, emaitzak beti dira onak, ez bakarrik parte hartzen duen jende kopuruagatik baizik eta ekitaldietan sortzen den giroagatik.
Joan den larunbatean hiriburu argentinarrean egindako Mintzodromoan, 50 bat euskaldun bildu ziren Euskaltzaleak-en egoitzan ikasle eta irakasleen artean. Partaideak Euskaltzaleak-ekoak izan ziren –on line ikastarokoak eta aurrez aurreko klasekoak– eta baita ere La Platako Euzko Etxeko eta Unibertsitateko Irakurletzakoak, eta Necocheako Euzko Etxekoak.
Baina Euskaltzaleak-en lehentasuna euskara mantendu eta zabaltzea denez, eta erakundearen politika euskara kalera ateratzea delako, Triki-poteo bat ere emendatu zitzaion Mintzodromoari, zazpigarrena, 2013tik hona. Trikitixak, panderoak eta albokak gidari ibili zen talde jendetsua San Telmo auzoko kaleetan, tabernaz taberna, Euskal Herriko usadiozko moldeak segituz.
Jaialdiaren baitan --eta Euskal Herrian Gure Esku Dago dinamikak deitutako Giza Katearen bezperan-- Euskaltzaleak-en deiari segituz bildutako lagunek ere kate bat osatu zuten, euskaltegiaren egoitzaren eta egoitza aurreko Castelao Enparantza lotuta.
Ohar triste gisa, behar da esan nahiz eta alimaleko jai giro itzela egon, eguna goibela ere izan zela Euskara Eskolarentzat, Ana Maria Esain etxeko laguna eta euskaltegiaren zale amorratua larunbatean bertan hil zelako. Triki-poteoa hasi aurretik, ohorezko Aurresku batekin agurtu zuten anfitrioiek joandako laguna.